GARA > Idatzia > Editoriala

Berme hitzaren adiera desberdinak

Duela hamar bat egun, Poliziak Donostian sarekada egin zuenean, Grande-Marlaska epaileak espainiar sistema juridikoak atxilotuen eskubideak defendatzeko berme aski zituela esan zuen. Ondorioz, atxilotuak zeldetan dauden bitartean grabatzea, konfiantzazko medikuaren bisitak baimentzea eta senideak haien egoeraz informatzea ahalbidetzen duten neurriak ez aplikatzea erabaki zuen. Ondoren, atxilotu horietatik bosti inkomunikazioa luzatzeko agindu zuen. Egoera horretan egon dira kartzelan orain arte, eta horren ondorenean etorri dira atzoko atxiloketak.

Atzo bertan Rubalcabari entzun genion kale erasoetan parte hartzen dutenen %30ek ekintza bortitzagoak egingo dituela gerora. Barne Ministerioaren arduradunari «ikastolan hasten dira eta ETAn bukatzen dute» gisako silogistikari erantzuten dioten adierazpenak entzutea tamalgarria da. Hasteko, funtsik gabeko adierazpenak direlako, atxiloketa masiboak eta eskubideen bortxaketa nabarmenak justifikatzea beste helbururik ez dutelako, alegia. Jarraitzeko, atzo Donostian atxilotutakoei buruz argiratatu zituzten berrietan ikusi ahal izan genuenez, espainiar Poliziaren, komunikabideen eta epaileen arabera, Segiko kide izatea eta ETAko kide izatea sinonimo direlako. Eta, jakina, horrela tratatzen dituzte Euskal Herrian atxilotzen dituzten %100en kasuak. Atzoko atxiloketak horren froga dira.

Grande-Marlaskaren eta Rubalcabaren adierazpenek ez dute inongo sinegarritasunik gure gizartean, beraiek agindutako ekintzei erabat kontrajarriak direlako. Sistema juridiko espainiarrak esan dezakeenaz gain, euskal herritarren ikuspuntutik -eta batez ere datu enpirikoak kontuan hartuz- inkomunikazioaren luzapenak polizia sarekadak handitzeko berme dira. Zuzenbidean, oro har, berme hitza eskubideen bermea adierazteko erabiltzen da. Espainiar sistema juridikoan berme hitza salbuespena ezkutatzeko era bat da, sistema horrek herrien eta herritarren eskubideak zapaltzeko dituen era guztietako beste bat, besterik ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo