GARA > Idatzia > Gutunak

Arantxa Atxurra eta beste 11 sinadura Auzipetuak

Justizian ere euskaraz? Adar jotzerik ez!

Kanpaina berria kaleratu du Eusko Jaurlaritzak, «Justizian ere euskaraz» zabalduaz lau haizetara. Gu, ordea, harrituta, zer esan ez dakigula gaude

Euskaltzaletzat daukagu geure burua. Euskal Herri euskalduna dugu helburu, eta horretarako ezinbestekoa iruditzen zaigu gure eskubideak aldarrikatu eta defendatzea. Horregatik, hain zuzen, 2005eko otsailean Gernikako epaitegian hiru lagunek epaiketa bat zutela baliatuz, eta bertan beste behin hizkuntza eskubideak urratuko zirela jakinik, gure eskubideen aldarrikapena egiteko ekimen bat burutu genuen. Epaitegira sartu ginen, bada, hiru epaituak eta hainbat euskaltzale. Eta hizkuntza eskubideak urratzen hasi bezain pronto «Euskal Herrian Euskaraz» abesten hasi ginen.

Orain guztiok zigortu nahi gaituzte. Eskubideen defentsa egitearren hamabi laguni kartzela zigorra eskatzen digute, bosna hilabete bakoitzari. «Euskal Herrian Euskaraz» abestearren epaitu egingo gaituzte.

Euskal Herrian euskaldunok bigarren mailako biztanle izan beharrak jada ez gaitu harritzen, baina oraindik haserretu egiten gaitu. Gure eskubideak aldarrikatu eta defendatzearren zigortu nahi izateak berriz, haserretu baino harritu egin gaitu gehiago. «Euskal Herrian euskaraz» abestearren espetxe zigorra eskatzeak gure onetik atera gaitu.

Hala ere, okerrena azken asteotan egin diguten burla izan da. «Justizian ere euskaraz» diote, administrazio guztietan bezala, Justizian ere euskara hutsaren hurrengoa balitz bezala tratatzen duten horiek, Justizian ere euskaraz egin nahi dugunak zigortzen gaituzten horiek. Horrelako leloekin badirudi Justizia administrazioak euskaraz funtzionatzen duela eta herritarrak garela enteratu ez garenak!

Eta hori ez da bidea. Lehen ere hamaikatxo aldiz jasan behar izan dugu euskaldunok euskaraz egin ezina egunerokoan, eta espainolez funtzionatzen duen administrazioan ez ezazue esan euskaraz egin daitekeenik. Euskaldunak engainatu gabe, normalkuntza plan serio bat jarri ezazue martxan eta egunen batean euskaldunon eskubideak bermatzeko egoeran jarriko balitz, orduan esazue «Justizian ere euskaraz».

Bitartean, guk geurea dena defendatzen jarraituko dugu. Justizia administrazioa eta beste administrazio guztiak euskaldundu! Epaiketarik ez!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo