Eztabaida sustatzeko AHTren inguruko Konferentzia, Hernanin
AHT Gelditu! Elkarlanak proiektuaren gaineko eztabaida eta hausnarketa kritikoa ezinbestekotzat jotzen ditu eta bide horretan hilaren 17rako hainbat adituren parte hartzea izango duen hitzaldi sorta antolatu du. Bestalde, proiektuaren arduradunak eta zenbait komunikabide «oposizioa ahultzeko kanpaina kriminalizatzailea» egiten ari direla gogor salatu du.
Maider EIZMENDI |
Uneak duen garrantziagatik eta proiektuaren gaineko eztabaida desitxuratzeko egiten ari den kanpaina aintzat harturik, AHT Gelditu! Elkarlanak berebizikotzat jotzen du jendartean eztabaida zabaldu eta hausnarketa kritikoan sakontzea, eta hain zuzen ere, helburu horiexekin antolatu du datorren azaroaren 17rako AHTren inguruko hitzaldi sorta Hernanin.
Euskal Herriko, zein Kataluniako, Madrilgo eta Akitaniako adituak batuko dira egun horretan Hernaniko Sandiusterri aretoan eta Biteri kultur etxean goizeko hamarretatik aurrera egingo diren saioetan.
AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek atzo nabarmendu zutenez, hitzaldietan AHTren arazoarekiko hausnarketa orokorra eta hari lotutako eztabaidagai askoren irakurketa sakona egingo dute. Hala, jorratuko diren gaien adibidetzat aipatu zituzten AHTk eta garraio azpiegitura handiek ekologian eta gizarte ereduan duten eragina, erabakietan herritarren parte hartze falta, edota AHTk hirietan duen inpaktu urbano eta soziala. «Topaketa honek, beraz, AHTren inguruko eztabaida ikuspegi global batetik planteatu nahi du, agintean dauden indarrek eta interesek ezarritako politika desarrollista hauen erro ekonomikoak eta kulturalak agerian jarri eta proiektu txikitzaile honen aurkako oposizioa gizarteratzeko argumentu eta proposamen berriak ekartzeko», argitu zuten.
«Kanpaina kriminalizatzailea»
AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek gogor kritikatu zuten «hainbat komunikabide eta agintarik abiatu duten kanpaina intoxikatzailea eta manipulazio operazioa». Komunikabideen ildotik, «ustezko informazioak aitzakiatzat hartuz, AHTren aurkako oposizio sozialaren kriminalizazio saiakera etengabean murgilduta daudela», salatu zuten.
Beren esanetan, kriminalizazio kanpaina horrek «asmo makurrak» ezkutatzen ditu: «ATHren aurkako oposizioa gero eta indartsuagoa, zabalagoa eta anitzagoa denaz jakitun, berau ahuldu eta bere kontrako errepresioari ateak zabaldu nahian dabiltza».
Halaber, proiektuaren gaineko eztabaida bera desitxuratu nahi dutela ere uste du AHT Gelditu! Elkarlanak «eztabaida ordena publikoko afera bilakatuz». Horiek hala, bide hori utz dezaten exigitu zien azpiegituraren arduradunei, eta orain arte bezala jarraituko dutela berretsi zuten; hau da, informa- zioa ematen, eztabaida sustatzen eta proiektuaren kontra mobilizatzen.
Batasunak egunotan Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuak AHTren proiektua lehenbailehen martxan jartzeko egiten ari diren «presio mediatikoa, politikoa eta poliziala» salatu du. Horren adibidetzat jo du herenegun Lakuako eta Nafarroako Garraio sailburuek egin bilera.
Bestalde, indar abertzaleak nabarmentzekotzat jo du EAEn Gobernu espainolak duen ordezkari Paulino Luesmak eta Lakuako bozeramaile Miren Azkaratek «AHTren aurkako oposizioa kriminalizatzeko azken egunetan egindako adierazpenak». «`Dena ETA da' leloa eskuan hartuta, bi ordezkariak AHTren kontrako oposizioari zilegitasuna kentzen saiatu dira». Horrela, «oposizioaren kontrako errepresio bortitzari bidea ematen ari dira». Testuinguru honetan inoiz baino garrantzizkoagoa dela uste du «kalera atera eta borroka egitea AHT gelditzeko».
Bestalde, Lakuarekin bilera egin ostean, atzo Nafarroako Garraio sailburu Laura Alba Nafarroako korridore eta «euskal Y»aren lotura Ezkio Itsason egitearen alde agertu zen, Lakuaren nahiei jarraiki. GARA