Ibaiondo eta San Antonio Ok Liga buruan dutela abiatu dira Lehen Mailan
Donostiako Ibaiondo eta Iruñeko San Antonio dira patin gaineko hockeyan dauden bi euskal talderik garrantzitsuenak. Lehen Mailan ari dira jokatzen; beren asmoa OK Ligara, edo mailarik gorenera heltzea da, Bartzelonarekin, Lizeorekin, eta gainerako talde handiekin lehiatzeko.
Patin gaineko hockeya ez da oso ezaguna Euskal Herrian, baina ez dira gutxi kirol horretan ari diren taldeak; horietako bi, Donostiako Ibaiondo eta San Antonio Iruñeakoa Lehen Mailan ari dira. OK Liga dute helburu, hor dira Bartzelona eta Lizeo talde ezagunak, beste batzuen artean. Maila horretara heltzea da denen ametsa, baita euskaldunena ere. Agian, horrek gure artean kirol hau ezagunagoa bihurtuko luke.
San Antonio Iruñeko taldea da maila horretan urterik gehien daramatzana, aurten laugarren denboraldia beteko baitu. Helburua, goiko muturrean ibiltzea omen da; Miguel Galarragak, taldeko zuzendariak esan zuenez: «Laugarren urtea badugu maila honetan, eta helburua aurten igoeratik gertu ibiltzea zen, baina ez dugu Liga hasiera ona egin, eta ikusi egin beharko da hemendik aurrera zer gertatzen den».
Donostiako Ibaiondo taldeak, berriz, lehen urtea du maila honetan, eta hauek ere argi dituzte beren helburuak: «Begira, aurtengo asmoa azkeneko hiru postutan ez geratzea izango da, ez jaistea alegia. Gero, mailari tamaina hartu, eta ahalik eta azkarren igo nahi dugu OK Ligara. Maila hau oso zaila da. Gorenekoek bezainbesteko gastuak ditu, eta diru sarrerak askoz ere txikiagoak dira. Beraz, hemen ahalik ete gutxien egotea komeni da. Bestela diru galerak handiak izan baitaitezke», esan du Alfredo Basurkok, Donostiako Ibaiondo taldeko presidenteak.
Kirol ikusgarria izan arren, ez du Euskal Herrian indarrik hartzen, eta horren arrazoei buruz galdetuta, zera erantzun du Basurkok: «Zaila da, kirol aukera asko daude, eta betikoek eramaten dute dena. Gure kasuan, komunikabideetan ez gara ia atera ere egiten, eta horrek kalte handia egiten digu. Lehen Mailan gaude, eta askok ez daki ezta kirol hau egiten duen talderen bat hemen ba ote dagoen ere», dio Ibaiondo taldearen presidenteak. Galarraga ere bat dator bere iritzi horrekin.
OK Ligara igota, garbi dute ezagutzera emateko aukera gehigo daudela, hala ere, ez litzateke erraza izango Galarragaren ustez: «Begira, hemen talde asko gaude maila nagusian, eta garbi dago futbolak, saskibaloiak, areto futbolak eta eskubaloiak eramaten dutela ia dena Iruñean, eta pentsatzen dut Donostian ere horrela dela; gure taldeak maila nagusian egoteak lagunduko luke, baina ez litzateke nahikoa izango». Horrez gain, «eskoletan lan egitea ere garrantzitsua da. Donostian Mundaiz da eskola nagusia kirol honetan, eta Iruñean San Fermin ikastola, baina horietan ere zaila da, aukera asko daudelako», gaineratu du Galarragak.
Ikusle dezente
Gauzak dauden moduan egonda ere, ikusle kopuruaz ez dira kexatzen. «Guri 200 ikusle inguru etortzen zaizkigu eta ez gara kexatzen. Hor zehar, Katalunian esaterako, kirol honekiko kultura handia dago, herri batzuetan lehen kirola da, eta haietan ikusgarria izaten da; baina gauden lekuan egonda, ezin gara kexatu. Hala ere, komunikabideetan gehiago aterako bagina, seguru nago, ikusleak gehiago izango liratekeela», adierazi du Basurkok.
Iruñean ere pozik daude jendearen erantzunarekin Galarragak dioenez: «Jokatzen dugun lekuan 400 bat ikusle inguru sartzen dira, gehienetan erdia baino gehiago betetzen da, eta giro polita izaten da. Hala ere, uste dut azkeneko urteetan jende bera izaten garela, eta hori ez da ona».
Maila hauetan gastuak handiak dira. Bidaiak Estatu espainolean zehar izaten dira, eta horrek asko garestitzen ditu gauzak. «Autobusez joaten gara, baina beti ahalegintzen gara, ostiral eguerdietan atera, eta iluntzerako jokatu behar dugun lekuan egoten, eta han lo egiten, partidara ongi joateko», esan digu Basurkok. «Hori bakarrik ez da, ordea, gero jokalariek ere kobratu behar dute, eta azkenean gastuak asko dira, eta laguntzak, berriz, gutxi, eta hilaren amaieran gauza guztiak ongi joateko komeriak izaten ditugu», gaineratu du.
San Antonioren kasuan ere tankerako gauzak gertatzen dira: «Bidaietan diru asko behar izaten da. Gero, maila honetan, eta aurrean ibili nahi baldin baduzu, kanpoko jokalariak ekarri behar dira. Gu saiatzen gara ekartzen ditugun horiek gazteak eta ikasleak izaten, baina hala ere, etxea eta gastuak ordaindu behar dira, eta azkenerako diru asko behar da maila hauetan egoteko», dio.
Lehen Maila honetan, hamasei talde dira. Liga erregularra bakarrik jokatzen da. Liga amaieran, estraineko hirurak OK ligara, mailarik gorenera igoko dira, eta azkeneko hirurak, berriz, Lehen B mailara jaitsi beharko dute.
Jon LEUNDA