GARA > Idatzia > Kultura

Gontzal Mendibilek soinua jarri dio Aita Arruperen bizitzari

Azaroaren 14an Pedro Arrupe zenaren jaiotzaren lehen mendeurrena ospatuko da. Egun horretarako, Gontzal Mendibil musikariak «Arrupe, nire isiltasun hau» izeneko ikuskizuna prestatu du jesuitek botatako erronkari erantzunda. Bertan, Ludvig Symphony orkestrak, Donostiako Orfeoiak, Bilboko Koralak, Oreka TX taldeak eta Igor Yebrak hartuko dute parte.

p048_f01_199x116.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Ignacio Arregui jesuitak, Gontzal Mendibil musikariak, Juanjo Ocon orkestra zuzendariak eta Bilboko Elkarte Koraleko Ramon Murok Aita Arruperen jaiotzaren urtemuga ospatzeko prestatu duten ikuskizun erraldoia aurkeztu zuten atzo.

«Intentsitate handiz bizi izan zen Pedro Arrupe. Berak zioenez, jendeari entzunez ikasten zuen gehien». Horra Gontzal Mendibilek atzoko aurkezpenean Aita Arruperi eta errefuxiatuei laguntza emanez jesuitak egindako lan eskergari buruz esandakoa.

Partaidetza anitza

«Aita Arrupe, nire isiltasun hau» ikuskizuna prestatzeko hirurehun lagun aritu dira lanean Gontzal Mendibilen gidaritzapean, tartean laurogeita hamar antzezletik gora, Ludvig Symphony orkestra sinfonikoa, Bilboko Elkarte Korala, Donostiako Orfeoia, Igor Yebra dantzaria eta Oreka TX taldeko txalapartariak. Atzo Gontzal Mendibelek nabarmendu zuenez, urte bat baino gehiago daramate lanean.

Hiru «isilune» nagusik markatzen dute lana. Lehena, artean nerabe zela Arrupe umezurtz geratu zen unea da. Bigarrena, Japonian bizi izan zuen bonba nuklearraren eztanda. Hirugarrena, azkenik, zahartzaroan Erroman zela tronbosiak jo ostean bizi izandakoa.

Musikari dagokionez, bost kontinenteek izango dute ordezkaritza ikuskizunean. Horrenbestez, musikalak kolore ugari izango ditu, Aita Arruperen bizitzak legez. Gontzal Mendibilek, kantu berriak sortu ditu propio ikuskizunerako eta Jose Luis Canalek egin ditu konponketak. Horrez gain, besteak beste, Verdiren «Requiem»-a eta Haendelen «Aleluya» entzun ahal izango dira.

Hiru orduko ikuskizunak hogeita bat ekitaldi ditu eta bi zatitan banatzen da; tartean, ordu erdiko atsedenaldia dago. Lana datorren asteazkenean, azaroak 14, antzeztuko dute 20.00etan Euskalduna jauregian. Euskal Telebistak ikuskizuna grabatu eta aurrerago eskainiko du.

Zazpikaleetako Pelota kalean jaiotako Pedro Arrupe 1936an apaiztu zen Madrilen medikuntza ikasketak egiten aritu ostean. Hamazazpi urtez Jesusen Konpainia gidatzera ere heldu zen. Bi hamarkada eman zituen Japonen eta Hiroshimako bonba atomikoaren eztanda bertan bizitzea egokitu zitzaion. Aurretik, Ameriketako Estatu Batuetan izan zen. Bertan, kartzelaratu egin zuten espioia izatea egotzita. 1981ean tronbosia izan zuen eta, urte luzez eri eta isiltasun osoan egon ostean, 1991n hil zen Erroman.

Horren guztiaren eta ahulenen alde egin zuen lanaren berri emango du musikalak jaiotzen ikusi zuen hiriak Aita Arrupe oroimenean izan dezan eta berak egindako lana ezagut dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo