GARA > Idatzia > Saskibaloia

EUROLIGA Kanpoko lehen garaipena lortu nahi du Tauk

Poloniako aberats berrien aurka estatusa mantentzera

Urtero bezala, handien artera jauzi egiteko dirutza xahutu du Prokom Trefl taldeak, orain arte emaitzak batere onak izan ez badira ere; Baskoniak bere sendotasunean hazten jarraitu nahi du

p041_f02_097x132.jpg

Baskoniak Europan duen estatusa mantendu nahi du gaur gauean Polonian, kontinenteko aberats berrietako bat den Prokom Trefl taldearen aurrean. Poloniarrek aurten ere diru dezente inbertitu dute Europako onenen artean sartzeko, baina emaitzak orain arte ez dira batere onak izan, jokatutako bi partidak galdu baitituzte CSKAren eta Zalgiris Kaunasen aurka.

Aurtengo denboraldirako diru asko inbertitu dute berriz ere Sopotekoek, baina gauzak ez dira uste bezain ondo hasi Eugeniusz Kijewski entrenatzailearen taldearentzat ez Europan ez etxean. Izan ere, Poloniako ligan hirugarren postuan sailkatuta daude uneotan eta Superkopa ere ez zuten irabazi.

Masilius eta Slanina beteranoen ondoan, jokalari berri asko ditu Sopoteko taldeak. Antolatzaile lanetarako Travis Best estatubatuar beteranoa fitxatu dute eta bera da taldeko izarretako bat. Hala ere, taldeko jokoa Milan Gurovic serbiar polemikoaren inguruan antolatzen dute. Unicaja eta Barcelonan aritutako hegalekoa da taldeko saskiratzaile nagusia eta, bera geldituz gero, lan gehienak eginda izango ditu Spahijaren taldeak.

Saskiperako bi fitxaketa garrantzitsu egin dituzte: Ruben Wolkowyski Baskoniako jokalari ohia eta CSKAn bere dohainak erakutsi zituen Tomas Van den Spiegel pibot belgikarra.

Iragan astean Virtus Bolonia egurtu ostean, etxetik kanpoko lehen garaipena bilatuko du gaur Tauk. Taldeak sendotze bidean jarraitzeaz harago eta Linton Johnsonen baja izan arren, Spahijak garaipena nahi du.

PROKOM-BASKONIA
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo