Atzekaldea
Josetxo eta Javi Garcia probatu ditu Cuco Zigandak
Margairaz Suitzako selekzioak deitu du hilaren 20an Nigeriaren aurka jokatzeko
GARA | IRUÑEA
Bezperako atseden egunaren ostean, eguneroko lanari ekin dio Osasunak Taxoaren Huelvako recreativoren aurkako partida prestatzeko. Prestatu beharrekoen artean, lesioak direla-eta talde gorritxoak egun bizi dituen arazoei aurre egiteko Jose Angel Zigandak zerbait pentsatu beharko du. Ondorioz, atzoko entrenamendu saioan Javi Garcia eta Josetxo aritu ziren erdialdeko atzelari postuetan.
Neurri batean harrigarria izan daiteke bi jokalari hauek izatea Huelvan Osasunaren atzeko lerroko erdialdea beteko dutenak; izan ere, azkeneko neurketetan deialdietatik kanpo ere geratu baitira. Hala, ez zen harritzekoa izan kazetarien aurrean biak «jokatzeko ilusioz gainezka» zeudela esatea.
«Igandean hamaikakoan sartzeko beste aukera bat daukat. Egia esan, jokatzeko eta partida on bat egiteko irrikaz nago», esan zuen Josetxok. «Hala ere, garrantzitsuago deritzot taldeak irabazteari eta horregatik ahalik eta lan onena egingo dut».
Javi Garcia ere antzera mintzatu zen. «Deialdietatik kanpo geratzea beti izaten da gogorra, batez ere aurreko deialdi gehienetan sartzera ohituta zaudenean. Hala ere, banekien talde honetan leku bat egitea benetan zaila zela. Beraz, egunero lana beltz egin beharra daukat, eta ordezkoen artean izatea ikasteko erabili behar dut».
Kazetariek erdiko atzelari bikote berria izango liratekeela eta galdetu zieten jokalari biei. Dena den, lasai mintzatu ziren aukera horren inguruan.
«Niretzat ez da jokatzeko leku ezezaguna», aitortu zuen Javi Garciak. «Baloia jokatzeko orduan ezberdina da erdian jokatzearekin alderatuz gero, ez baitago horrenbesteko presiorik. Aldiz, defentsa lanean argiago ibili beharra dago, hanka sartzeek garrantzia handia izan dezaketelako».
Saioa Tajonarren
Hain zuzen, ordu eta erdiko saioa egin zuten atzo jokalari gorritxoek. Berton bat-batekotasuna oinarri zuen eraso eta defentsa lana egin zuten Zigandaren gizonek, baita jokaldiak amaitzeko ariketak ere.
Jon Erizek bere kideekin entrenatzeko aukera izan zuen, eta laster lortuko du senda agiria. Aldiz, Igotz Gardek, Delportek eta Javier Flañok ez zuten entrenatzerik izan. Nekounamek Alemanian jarraitzen du errekuperazio prozesuan.
Bestetik, atzoko beste albistea Xavier Margairazek eman zuen. Suitzako selekzioak bere deialdian sartu du erdilaria azaroaren 20an Zurichen Nigeriaren aurka jokatzeko. Margairaz datorren asteartean, hilaren 13an kontzentratuko da bere selekzioarekin eta hilaren 21ean itzuliko da Iruñeara.