GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sokatira

Auzolan eta Abadiño izan dira onenak

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Auzolan eta Abadiño izan dira Launako Euskal Herriko Txapelketako lehen jardunaldiko onenak. 330 kiloko saioak izan ziren herenegun Aizarnazabalen, eta 50 ikusle ingururen aurrean jokatutako saio honetan besteen gainetik aritu ziren.

Bi multzo ziren, eta bi sokatan aritu ziren. Lehenengoan Auzolan izan zen nagusi, baina dudarik gabe, lehen multzo hau bestea baino ikusgarriagoa izan zen; lehia, behinik behin, askoz ere handiagoa izan zen.

Abadiño A taldea multzo honetan zegoen, eta hasi aurretik zalantza zegoen zer nolako taldea aurkeztuko ote zuen, izan ere, beste multzoetan, beste bi talde baitzituen. Azkenean, hiruretan ahulena aurkeztu zuen, baina hori ere ez zen txarra atera; hala ere, ezin izan zuen irabazi.

Auzolanek saio osoko tiraldi bat ez beste guztiak bereganatu egin zituen. Sokarriren aurka bakarrik galdu zuen tiraldi bat, eta gainerakoak irabazi zituen, hala amaieran lehen postua eskuratu zuen.

Bigarren Sokarri izan zen. Abadiñorekin eta Auzolanekin berdindu egin zuen, eta bigarren amaitu ahal izan zuen. Abadiño A izan zen hirugarren Auzolanekin galdu, Sokarrirekin berdindu, eta gainerakoei irabazita. 6 Conceyos izan zen azkena, saioko tiraldi guztiak galduta. Honela geratu zen sailkapena: Auzolan 4puntu; Sokarri A 3puntu; Abadiño C 2puntu eta azken postuan 6 Conceyos puntu batekin.

Lehia gutxiago

Beste multzoa, bigarrena, alegia, askoz ere garbiagoa izan zen, berdinketa bat besterik ez zen izan, eta lehen postuetakoek denak argi utzi zuten.

Abadiño B izan zen atzo bizkaitarren talderik onena; ez zuten hutsik egin, saioko tiraldi guztiak bereganatu baitzituzten. Abadiño C izan zen bere atzetik, aurrekoekin galdu, eta besteei irabazita. Gaztedik, berriz, aurreko biekin galdu, eta Kuartangori irabazi egin zion, baita Sokarriri ere. Azken hauek Kuartango bakarrik menderatu zuten, eta arabarrak,berriz azkenak geratu ziren saioko tiraldi guztiak galduta.

Sailkapena, honela geratu zen: Abadiño B taldeak 5 puntu; Abadiño C taldeak, berriz, 4 puntu; Gaztedik 3; Sokarrik 2 eta Kuartango taldeak bakarra.

330 kilo hauetan, bi jardunaldiko ligaskak izango dira, beraz, datorren asteburuan Ibarran jokatuko denarekin amaituko da lehen fasea, eta haren ostean, multzo bakoitzeko estraineko hiru taldeek finala jokatzeko txartela lortuko dute, eta han erabakiko da txapela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo