Gotzon Garate Jesuita
Aita Pedro Arrupe
Pedro Arrupek hauxe esaten zuen, jesuita batek herri guztien kultura, hizkuntza, ohiturak errespetatu behar dituela
Oraintxe ari gara ospatzen aita Arruperen jaiotzaren ehungarren urteburua. Gizon zinez handia Arrupe. Gizona eta santua. Santu izateko lehendabiziko dohaina gizontasuna edukitzea baita. Eta Arrupek bazuen gizontasunik.
Larrialdi askotan eta kinka gaizto anitzetan barna ibili behar izan zuen. Beti erakutsi zituen niretzat horren harrigarri ziren bi alderdi: maitasuna eta jendearentzako begirunea, errespetua.
Gizon bihotz zabala, irekia zen eta jendea ulertzen zekiena. Liberazioko teologia zela eta, teologo nahikorik gaitzetsirik izan zen. Berak beti maitasunez eta begirunez hartu zituen. Denak, eta areago jesuitak, bere semeak, bihotz goxotasunez hartzen zituen.
Ezaguna da, adibidez, Père Duval gitarra jole eta kantariaren kasua.
Père Duval frantses jesuitak teatroetan bere gitarraz kantu erlijiosoak kantatzen zituen. Arrakasta handia izaten zuen. Kantatzen hasi baino lehenago, ordea, bere burua bizkortzeko, pixka bat edaten zuen. Gero eta gehiago, gero eta gehiago eta azkenean edariaren mende gelditu zen, alkoholizaturik. Bere lagun askok, jesuitek, gogor hartzen zuten, edaten ikusten zutelako. Duval desintoxikazio etxe batean egon zen eta gero liburu bat idatzi zuen, bere bizitzako gorabeherak kontatuz.
Liburu horretan bere jesuita lagunengandik zenbat sufritu zuen esaten digu. Gizon bat izan zela, ordea, beti maitasunez hartu zuena, alkoholaren mende zegoenean ere bai. Aita Pedro Arrupe.
Istorio hau, beste kolore batzuekin, jesuita askok konta lezake. Arrupe gizona zen eta gizakiaren zuloak ongi ulertzen zituen. «Nihil humanum a me alienum puto» bere egina zuen. Gizakiaren problemak nire problemak dira.
Beste alde batetik, santua genuen Arrupe. Bere ondoan bizi zirenek halaxe esaten dute. Jaungoikozko gizona zen. Egunero ordu nahikorik ematen zuen otoitzean. Hortik ateratzen zuen indarra gorabehera latzagatik, beti aurrera jokatzeko.
Egiazko santutasuna bi ardatzetan oinarritzen da: sinesmenean eta eginetan. Jainkoa maitatu lagun hurkoari laguntzeko.
Halaxe izan zen Arruperen bizitza. Hiroximan ere atomo bonba lehertu zenean, bere medizina jakinduriaz baliatu zen jendeari laguntzeko. Lagundu, nekeak arindu, goxotasuna erakutsi: horra hor Arruperen jokabidea, Kristoren jokabidea izan zen bezala.
Esan liteke ez zela inor berarekin hitz egin eta bihotza altxaturik sumatzen ez zuenik.
Eta Arrupe euskalduna al zen? Bere garaiko bilbotar gehienek bezala, ez zekien euskaraz. Bere burua, ordea, beti bilbotartzat izan zuen eta jenerala izendatu eta gero ere, poz handia hartzen zuen euskal jesuitekin mintzatuz. Euskal Herria bereziki maite zuen.
Markatu ere, badakigu haurtzaroko eta gaztetako urteek betiko markatzen dutela pertsona bat.
Izan da jesuita bat, beste jesuita baten hitzak bereak eginez, Euskal Herriko kazeta batean berriki idatzi duena: «Arrupe aborrecía los nacionalismos. A pesar de ser vasco y querer a su tierra. El tenía muy claro que un jesuita no tiene país».
Horrelakoak esaten eta onartzen dituztenek badute país bat: Espainia. Eta ironiarik gabe esaten dut pozten naizela espainol jesuitek beren herria maitatzen dutela ikusita. Ez dira anormalak.
Arrupek, baina, eskutitz famatu bat idatzi zuen, zoragarria, «Sobre la Inculturación». Merezi du berriz ere eskutitz hori irakurtzea. Munduko jesuita guztientzat idatzi zuen.
Karta hori agertu zenean, baina, euskaldun jesuiton nagusiak kajoian sartu eta ez zigun erakutsi. Erakutsiz gero, Euskal Herriko talde armatuari lagunduko ziola pentsatuko zuen, beharbada.
Karta horretan Pedro Arrupek hauxe esaten zuen, jesuita batek herri guztien kultura, hizkuntza, ohiturak errespetatu behar dituela.
Zuzen zebilen Arrupe. Munduko emakume guztiak maitatzeko, lehendabizi nork bere ama eta bere arrebak maite behar ditu. Kristok berak bere herritarrak bihotzez maite zituen.
Euskaldunek mundu osoa maitatzeko lehenik beren ama Euskal Herria maite dute, beren hizkuntza, beren ohiturak.
Badakigu, ordea, batzuek uste dutela euskara eta euskal kultura maitatzea oso arriskutsua dela, irristakorra eta oso erraz bekatura daramana.
Aitzitik, espainolista izatea, gaztelania eta espainol kultura bihotzean eramatea santutasunaren seinale omen da. Halaxe izango da.
Hau ere, baina, egia da: politika grinak suturik, espainol nazionalismoak burua beroturik, euskara eta euskal kultura gorrotatzea ez dela Kristoren bidea.
Kristoren bidea eta Arruperena, maitasuna eta errespetua izan ziren.