GARA > Idatzia > Gutunak

Laura mintegi Euskal PEN Klubaren izenean

Adnan Hassanpour idazle kurdoari heriotza-zigorra

Irango apelazio epaitegi batek 2007ko uztailaren 31n berretsi egin zuen hilaren 16an Adnan Hassanpour kazetari, idazle eta giza eskubideen aldeko ekintzailearen aurkako heriotza-zigorra. Joan den urriaren 22an Auzitegi Nagusiak berriz ere berretsi zuen Irango apelazio epaitegiaren epaia, idazlearen abokatuak azaroaren 5ean komunikatu badu ere. Nazioarteko PEN Klubaren iritziz, adierazpen askatasunaren eskubideari modu baketsuan heltzeagatik atxilotu zuten Hassanpour. Era berean, Iranek sinatutako Nazio Batuen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Hitzarmenaren 19. artikuluari jarraiki, lehenbailehen aska dezaten eskatzen du.

Euskal PEN Kluba oso arduratuta dago epaia edozein unetan exekutatzeko arriskuagatik. Euskal PEN Klubeko Ohorezko Kide izendatzea erabaki dugunetik, etengabeko harremanean gaude PEN-Kurduarekin.

Hassanpour urtarrilaren 25ean atxilotu zuten Kurdistango Marivan herrian, eta ustez akusaziorik gabe inkomunikatuta egon zen Inteligentzia Ministerioko egoitzan, martxoaren 26an Marivango espetxera eraman zuten arte. Ekainaren 12an Sanandaj hiriko Gorte Islamiko Iraultzailean epaitu zuten, abokatua bertan zela.

Marivango espetxean bisitatu zuen uztailaren 15ean Aisheh Imanik, Adnan Hassanpourren amak. Elkarrekin egon eta ordubetera espetxetik atera eta leku ezezagun batera eraman zuten Adnan. Ez zeukan ez epaiaren ez eta bera norabait eramateko asmoen berri ere.

Uztailaren 16an esan zioten heriotzara zigortu zutela espioitza eta Moharebeh (Jainkoaren etsai) izatea leporatuta. Uztailaren 31n apelazio gorteak epaia berretsi eta gero, Gorte Gorenak berrestea soilik falta da Adnan hil dezaten.

2007ko apirilean, Irango Justizia sistemarekin lotura estuak omen dituen Mehr Albiste Agentziak esan zuen Adnan Hassanpour oposizioko talde kurduekin harremanetan zegoela eta agintariak atzetik zituzten bi pertsonari lagundu ziela Irandik ihes egiten. Hala ere, Rooz aldizkari elektronikoan egindako elkarrizketa batean Saleh Nikbakht Adnan Hassanpourren abokatuak dio Voice of America irratiarekin izandako elkarrizketa batekin duela zerikusia kasuak.

«Aso» (Horizontea) astekari kurduko zuzendaritzako kide zen Adnan Hassanpour. 2005ean Kurdistanen piztutako protesten eta errepresioaren baitan itxi zuten kazeta urte hartako abuztuan. Aurretik ere epaitu izan zuten aldizkarian argitaratutako zenbait artikulurengatik. Adnan Hassanpour Idazle Kurduen Elkarteko kide da.

Euskal-PEN Klubetik dei berezia bidali nahi diegu euskal alderdi, erakunde eta norbanakoei exekuzioa eragozteko ahal duten guztia egin dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo