«Arriskuak hartu ditugu, baina gure musikak bere bidetxoa ireki du»
ojos de brujo taldeko beat box eta perkusioa
Jai giroko talde jendetsu eta alaia dugu Ojos de Brujo. Bartzelonatik mundura zabaltzen diren mestizaje doinuen ordezkari, egunotan komunikabideetan dira, Grammy Latinoetan Flamenko Diskorik onenaren saria jaso ondoren. «Techarí Live» (Diquela Records, 2007) dute azken lana.
Anartz BILBAO | BILBO
Usurbilgo Ikasle Egunean jotzekoak zirela eta Ojos de Brujo taldekoekin harremanetan jarri nahian genbiltzala, Grammy Latinoetan Flamenko Lan Onenaren saria eman dietela jakin dugu. Autogestioa oinarri duen jai giroko taldea Amsterdamen aurkitu dugu, eta Ramon gitarra-jotzaileak erantzun behar zituen galderak Max-ek erantzun dizkigu, jator.
Bestalde, eta datorren abenduaren 20an Barakaldoko Rock Star Live areto berria gainezka jarriko du taldeak.
Grammya jaso berri duzue. Nola bizi izan duzue eta zer suposatu du taldearentzat?
Egindako lanaren goraipamen bat den heinean, izugarrizko poza sentitu genuen. Gainera, lan talde independentea izanik, promozio ekitaldi izugarria ekarri du guretzat. Sariak zalantzan jar daitezke, Grammyek erabiltzen dituzten irizpideak ez ditugulako beti argi izaten eta gainera flamenkoaren atalean irabazi dugulako, guk hortik abiatuta nahasketa zabalago bat egiten dugunean, baina egunero-egunero egindako lan gogorrak merezi duela erakutsi digu. Oraindik afari eder bat egitekoak gara, ospatzeko!
Beraz, ospakizun berezirik ez, mementoz?
Ez genuen uste horrenbeste harritu eta poztuko gintuenik. Urtebetetze bat bezalakoa izan da, egun berezia. Txanpan botilatxoren bat ireki genuen, baina Londrestik bueltan harrapatu gintuen sariak, goizaldean taldekideak elkarri telefono mezutxoak bidaltzen, eta oraindik denok elkarrekin ospatzekotan gaude.
Zein da Ojos de Brujo taldearen arrakastaren gakoa, balego?
Buff! Hasieran ahoz aho belarriz belarri joan ginela uste dut, underground ikuspuntu batetik. Astiro-astiro ospea hartzen joan ginen, flamenkoa raparekin nahasten genuelako adibidez, garai hartan gutxik egiten zutena eta askorentzat flamenkoa entzungarri eta dantzagarriago bihurtu zuena. Teknologia uhinak ere lagundu digu Internet bidez diskorik ez genuen herrialdeetara heltzeko. Ojos de Brujo musika deskargen belaunaldiaren seme ere bada.
Musika mailan, bada taldea definitzeko modurik?
Taldea flamenkoari diogun maitasunetik abiatu zen. Hori dugu amankomunean musikariok. Pertsona nahasketa bat da Ojos de Brujo musika nahasketa baino. Gutariko bakoitzak musika ibilbide ezberdina du, belaunaldi ezberdinak biltzen ditu bandak eta horrek musika esparru asko lotzen ditu: kubatarra, indioa, latin jazza, flamenkoa, funka, punka...
Azken lana «Techarí Live» duzue, zuzenekoa.
Zuzenekoaren indarra bildu du, aspalditik egin nahi genuena. Zuzenekoak ez du diskoarekin zerikusirik, beste aberastasun bat du, instrumentuen bakarkako atalekin eta kantuak dantzara bideratuz. Diskoek, berriz, kantuari erantzuten diote eta neurtuago daude. Zuzenekoak festaren indarra du.
Datorren urteak estudioko lan berria ezagutuko du?
Bai. Udarako antolatu nahi dugu estudioko lana. Baditugu ideia batzuk, baina orain tarte batez atseden hartu nahi dugu eta lasaitasunez ekin disko berriari. Lan bakoitzean ideia asko dira kanpoan gelditzen direnak eta oraindik elkarrekin jolasteko gogoa eta sorkuntza handia du taldeak. Disko berriak energia iturri dira guretzat eta badugu ilusioa.
Autogestiorako bidea hartu duen lan taldea osatzen duzue.
Hastapen kontu bat da. Debuteko lanaren ondoren oso mugatuak sentitzen ginen, lan artistikoari, promozioari eta ideiei dagokienean. Disko etxearekin izandako esperientzia kaskarrak erakutsi zigun ospetsua izan ezean zuk zeuk hartu behar duzula lan osoa zeure gain eta bat-batean arrakasta lortzen hasiz gero beraientzat zela etekina. Hau da, zeuk sukaldatu eta haiek jan. Harreman horrek ez zigun ezer onik eskaintzen eta autogestiora jotzea erabaki genuen, besteak beste taldeko zenbait musikarik esperientzia eta gaitasun handia zutelako horretarako. Ideia freskoak ditugu eta teknologiak laguntzen digu, beraz, aurrera.
Lan banaketak egin, erabakiak hartu... Nola?
Taldekideez gainera, baditugu lagun gehiago lanean, musikarioi laguntza ematen, baina gu geu arduratzen gara musikaren inguruan biltzen diren esparruez. Ekonomia bateriak darama, promozioak gitarra-jotzaileak egiten ditu, diseinu grafikoa eta web-gunea Marina abeslariak, eta abar. Elkarrekin bidaiatzen dugu eta erraza da guztion arteko batzarrak egitea, hoteletako geletan eta horrela -denbora gehiago gaude elkarrekin familiarekin baino-, erabaki txikiek markatzen dutelako taldearen filosofia.
Lan eskerga eskatzen duen bide arriskutsua?
Arriskuak hartu genituen, baina gure musikak bidetxo bat ireki du, jendearengana helduko ez balitz jai genukeelako. Orain non jo eta norentzat jo erabakitzeko askatasuna dugu eta modu horretan inbertsio gogorra zenak etekinak eman dizkigu, gure printzipioekin bat datorren entzule leiala sortu dugulako. Uhin bat sortzen da eta jendeak zure bideari errespetua eta babesa erakusten dio, beste zirkuitu, jaialdi eta taldeekin lan egitera bideratuz, aurrera egin ahala handituz doan elur maluta baten antzera.
Zuzenekoak ematen dio ospea taldeari.
Zuzenean jotzea arnasa hartzea da guretzat, zuzeneko izerdia dugu trantze gorena. Diskoetan lan egitea intelektualagoa eta sortzaileagoa da, sakonagoa agian, gauzak zuzendu eta berregin daitezkeelako, baina zuzenekoa presentearekin lotuta dago. Hemen eta orain, publikoaren energia eta gurea elkartuz. Ikaragarrizko zirrara sortzen du zuzeneko baten ondoren akituta bukatu eta ikus-entzuleak ase ikusteak. Horrek ez du parekorik.
Azkenaldian gelditu barik zabiltzate, hona eta hara.
Aparte, bidaiatzeak eta gizarte ezberdinen bizimodua ikuspuntu ezberdinetatik ikusteak ikaragarri aberasten zaitu. Soinu internazioanalagoa lortu dugu horrenbeste bidaia egin eta horrenbeste musikarirekin jotzearen ondorioz. Lau kontinentetan egon gara, Japonian, Marokon... eta 2002tik hona 500 kontzertu inguru egin ditugu. Egunen batean banda utziko banu, zaila egingo litzaidake toki jakin batean errotzea.
Kanpotik giro ona nabari da taldekideen artean.
Beharrezkoa dugu, bai. Familia guztiek bezala, izan ditugu gure arteko arazoak eta bada eztanda egin duenik ere, baina bandan iraun duenak malgutasuna erakutsi du eta jakin izan du norbanakoaren egoa taldera egokitu eta orekatzen. Gure arteko giro ona nabarmena da. Saiatzen gara gure lanari sakontasun bat eman eta kezkatzen gaituzten gaiez arduratzen, baina ez badugu ondo pasatzen honetan, zertan ari gara ba?
«Saiatzen gara gure lanari sakontasun bat ematen eta kezkatzen gaituzten gaiez arduratzen, baina ez badugu ondo pasatzen musika egin eta zuzenean jotzen, zertan ari gara?»
«Diskoetan lan egitea intelektualagoa eta sortzaileagoa da, baina zuzenean jotzea arnasa hartzea da guretzat, zuzeneko izerdia dugu trantze gorena»
Taldeak: Ojos de Brujo, Delorean, Latzen, Oliba Gorriak eta Edan.
Data: Larunbata 17.
Lekua: Ikasle Eguna (Usurbil).
Ordua: 20.30ean.
Sarrera: 14/18 euro.
«Taldea flamenko musikari diogun maitasunetik abiatu zen. Printzipioz, hori dugu komunean taldea osatzen dugun musikari guztiok»
La ajetreada jornada festiva de Ikasle Eguna finalizará en Usurbil con un festival que combina reivindicación, rock y baile. Junto a los citados Ojos de Brujo, y como muestra de la variedad musical actual de Euskal Herria, subirán también a escena formaciones como Latzen, Delorean, Oliba Gorriak y Edan.
La banda metalera de Oñati Latzen vuelve a reunirse para gozar de su éxito masivo. En plena forma se encuentran también los zarauztarras Delorean, cantando en inglés y editando discos capaces de reventar pistas de baile desde Bilbo a Nueva York. Con un punk básico y skatalítico, más afilada y reivindicativa se muestra la joven banda de Markina-Xemein Oliba Gorriak. Para finalizar la fiesta, romería con Edan, banda tributo a los míticos Hegan de Xabier Saldias. ¿Quién dijo que en Euskal Herria no había variedad musical?
A. B.
«Teknologia uhinak lagundu digu Internet bidez diskorik ez genuen herrialdeetara heltzeko. Musika deskargen belaunaldiaren seme gara»