Irudiaren presioa. Ikusgarritasuna eta itxura
Jendearen aurrean musika jartzen dugunok (eta literalki ari naiz, jendea aurrez aurre izaten dugulako normalean), irudiaren eta ikusgarritasunaren presioa nabaritzen dugu askotan. Disko jartzaile batzuek oso gauza ikusgarriak egiten dituzte musika jartzen dutenean; scratch-ak, «eskujokoak» eta abar. Miresgarria da horietako batzuek duten trebezia (musikaren kalterako ez denean behintzat)
Aurreko zutabean ahozkotasunaz hitz egin genuen, entzuten jakitearen garrantziaz eta afrikarrek ahozko transmisioari eta entzuten jakiteari eman izan dioten garrantziaz. Horren aurrean, «mendebaldeko» herri «aurreratuetan» irudiari ematen diogun garrantziaz mintza gaitezke. Irudiaren gizartean bizi garela esan ohi da. Mamiari baino itxurari ematen omen diogu garrantzi handiagoa. Azala, irudia eta posea. Musikaren mundua guztiz murgilduta dago joko horretan. Ikuskizunaren parte da, ezta? Jendearen aurrean musika jartzen dugunok (eta literalki ari naiz, jendea aurrez aurre izaten dugulako normalean) irudiaren eta ikusgarritasunaren presioa nabaritzen dugu askotan. Disko jartzaile batzuek oso gauza ikusgarriak egiten dituzte musika jartzen dutenean; scratch-ak, «eskujokoak» eta abar. Miresgarria da horietako batzuek duten trebezia (musikaren kalterako ez denean, behintzat). Osagarriak izan daitezke, jakina, ez dut ezer ikusgarritasunaren aurka, baina beste batzuek ez dugu horrelakorik egiten, eta maila horretan, irudiaren presioa nabaritzen dugu askotan, saioetara datozen askok entzutera baino ikustera datozela dirudielako. Eta irudiaren menpe dauden horiei aspergarria irudituko zaie, agian. Komunikabideekiko harremanean ere irudiaren presioa handia da. Idatzizko komunikabideetan batik bat, eta kontraesana badirudi ere, irudiak izugarrizko garrantzia du. Aldizkarietan, adibidez, batzuetan, irudiei testuei baino garrantzi handiagoa ematen zaiela dirudi. Egia da irudirik gabeko testuek «beldurra» eman dezaketela eta irudiek testuen «monotonia» arintzen lagun dezaketela (berez informazio gehigarria eskaini beharko lukete, ezta?). Elkarrizketak izan daitezke horren adibide. Bederatzi orrialdeko elkarrizketa batean elkarrizketatuaren aurpegiaren zazpi irudi (pose desberdinetan, hori bai) jartzea ez dut ulertzen. Elkarrizketa egin didaten bakoitzean izan dudan eztabaida da hori. «Jendeak elkarrizketatua nolakoa den ikusi nahi du», izaten da erantzuna. «Irudi horiek ez dute elkarrizketa aberasten», erantzuten dut beti, eta jendeak elkarrizketatua fisikoki nolakoa den ikusi nahi badu, argazki bat jartzearekin nahikoa izan beharko luke, ezta? Horrelako gaiak mahai gainean jartzen diren bakoitzean Living Colour taldearen «Cult Of Personality» kantua datorkit burura. (Jarraituko du). Ixa74@hotmail.com
Aritz SOUND SYSTEM
Kazetari eta
musika adiktoa