Berezkoak
Olivier Larretxea izan da euskaldunik onena Mexikon
Zuraideko aurrelariak bereganatu du Amerikan jokatu den txapelketa Loquillo Lopez lagun duela, eta finalean, Waltari-Santamariari irabazi egin diete
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Etxean dira Mexikon aritu diren pilotari euskaldunak. Azaroko lehen egunetik, pasa den igandea bitarte jokatu duten lehiaketan izan dira EPB enpresako pilotariak. Lehiaketan, haiekin batera, mexikarrak aritu dira, beraz, beti aritu izan dira, hango pilotari bat, eta EPBko beste bat elkarrekin.
Finalera, ordea, euskaldun bakarra heldu zen, Olivier Larretxea. Zuraideko aurrelariak Loquillo Lopez izan du lagun, eta azkenik txapela janztea lortu zuten. Finalean, Santamaria eta Waltari izan zituzten aurrez aurre. Beraz, euskaldun bat eta hiru amerikar izan ziren azkeneko neurketan, nahiz eta kubatarra Euskal Herrian ari den lanean, EPB enpresarentzat. Azkenik, Larretxeak eta Loquillok 40-35 irabazita jantzi zuten txapela.
Lehen fasean, bi multzotan banatuta aritu ziren bikoak, eta batean Medina-Ezkurra, eta bestean Serralde-Kurutxari izan ziren onenak, partida guztiak irabazita. Finalerdietan, ordea, Medinak eta Ezkurrak Larretxea-Loquilloren aurka galdu zuten, eta Serraldek eta Kurutxarik, aldiz, Waltari eta Santamariaren aurka.
Paxkal Ezkurra izan da Mexikon aritu denetako bat, eta lehiaketari buruz zera esan zion GARAri: «Txapelketa ederra izan da. Trinketea erabat beteta izan da egunero, eta giro polita. Jendeak apustuak ere egiten ditu, eta oso txapelketa ederra izan da».
Ezustean harrapatu dituen zerbait ere izan da: «Gu guztiok ezagutzen gintuzten, eta ez genuen horrelakorik espero. Trinketeko esku pilota profesionala jarraitzen du hango jendeak, satelite bidez edo internet bidez, baina gauza polita izan da gu ezagutzen gaituztela jakitea», esan zuen.
Trinketeari buruz, berriz, ez zuen kexarik izan: «Berria zen, eta oso polita. Pilota oso azkar ibiltzen zen, eta hori hangoentzat hobea da, baina ez dauka aitzakiarik», onartu zuen.
Donapaleu
Mexikotik bueltan, Donapaleun abiatuko da bihar torneoa. Gainera, ezker paretako pilotari bat ere izango da, Xala bertan arituko baita lehian. Hasteko, lehen finalerdia bihar bertan jokatuko da 20.00etatik aitzinera, eta Larretxea-Waltari Sorhuet-Kurutxariren aurka arituko dira.
Igandean jokatuko da bigarren finalerdia, eta Xala-Etxeto, Ibarrola-Ozafrainen aurka arituko dira, 17.00etatik aitzinera. Bi finalerdi hauetako irabazleak elkarren aurka izango dira azaroaren 25ean, 17.00etan hasita. Partida hauek ikusteko, ikusmin ikaragarria dago, eta hiru partidetan trinketea erabat betea izatea espero dute. Paxkal Ezkurra ez da han izango. Urruñakoak atseden hartuko du, eta Superprestigioa prestatzeari ekingo dio, berehala izango baita abian.
Lehiaketan egunero bete ziren trinketeko harmailak erabat. Apustuak ere egin zituzten, eta lan horretan ere badakitela erakutsi zuten zaletu mexikarrek.
Euskal Herritik joan ziren pilotari euskaldunak ezagunak ziren Mexikoko zaleentzat. Hango jarraitzaileek Euskal Herriko esku pilota profesionala, bai trinketekoa, baita ezker paretakoa ere, jarraitu egiten dute.