«Satanen seme», Mikel Olanok euskaratutako Bukowskiren 21 narrazio bizi eta gordin
Charles Bukowskiren hogeita bat narrazio euskaratu eta «Satanen seme»n bildu ditu Mikel Olanok. Idazle estatubatuarraren literatura gordin eta bizkorraz gozatzeko moduko liburua argitaratu du Elkarrek.
GARA | DONOSTIA
Hirurogeita hamar urte zituen Charles Bukowskik (1920-1992) «Satanen seme» osatzen duten narrazioak idatzi zituenean, eta berauetan guztiz fidel jarraitu zion betiko estiloari. Mikel Olanok liburuaren aurkezpenean atzo nabarmendu zuenez, «narraziootan darabiltzan gaiak bere-bereak ditu, hala nola, haurtzaroko eta gaztaroko pasadizo autobiografikoak, arlote-jendearen bizimodua, fabrikako jopuen gizatasun galtzea, emakumeekiko harremanak, prosti- tuzioaren lilura edota arrakasta sozialari darion kiratsa; pertsonaiak, berriz, arreak dira, eta lengoaia, azkenik, bizi bezain gordina da».
Olanoren iritziz, bi dira Bukowskiren lanek egun ere duten tiraren arrazoi nagusiak. Lehenengoa da irakurlearen arretari eusteko duen dohaina: «Kontaeraren erritmoa maisuki gobernatuz eta idazkera jostari eta fresko bat erabiliz, sekula aspertzen ez duten idazle bakar horietakoa da». Bigarrena da Estatu Batuetako gizarte maila apalenen berri «oso modu sinesgarrian» eman izana: «Munduko kulturarik indartsuenaren gakoak eta miseriak ulertzeko bideak eskaintzen ditu; ez dakit behar bezala oharturik gauden, baina gu geu Estatu Batuetako oinordekoak gara eguneroko bizimoduaren ezaugarri askotan, eta hango keinu asko errepikatzeko zorian gaude, dagoeneko geureganatu ez baditugu».
Indibidualismo eta bakardadea
«Miserableen poeta» esan izan zaio Bukowskiri. Horren aurrean eszeptiko agertu zen itzultzailea. «Hori entzun eta barre algara ozenak egingo lituzke seguru asko idazleak berak», esan zuen itzultzaileak. Izan ere, Bokowski urte askoan errukarria izan zen arren -«jasangaitza izateaz gain, ez baitira gauza bateraezinak»-, 80ko hamarkadan aberats berri bihurtu zenean, BMW bat eta lorategiz inguratutako etxe dotore bat erosi zituen. «Esan nahi dut -ohartarazi zuen Olanok- ez zela jende xehea laguntzeko gobernuz kanpoko erakunde bat sortzen ahalegindu zen horietakoa. Azken batean, bera ere estatubatuar indibidualista bat zen: Bukowskik beste inork ez bezala irudikatzen du gizon postmodernoaren bakardadea, nork bere kasa eraman beharreko zama balitz bezala. Aberastasun berri horiek bere buruaz barre egiteko eta poesia egiteko aitzakia bihurtu zituen».
Hizkera bizi eta gordina da Bukowskik bere-berea duen literatur ezaugarria. Itzultzean, «zalantza askorekin» ibili dela aitortu zuen Mikel Olanok, baina «nola edo hala» erronkari eutsi egin diola uste du. «Bukowskiren lanak alemanera itzuli zituen Carl Weisnerrek esandakoarekin bat nator: idazle esta- tubatuarraren testuak erraz itzultzen dira koloretsu eta adjektiboz beterik idazten dituenean, baina gaitz da haren idazkera biluzia eta esaldi motzekoa bihurtzen denean».
Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak gogoratu zuenez, euskaraz badira Charles Bukowskiren bi liburu, biak ala biak Josu Lartategik itzulitakoak. Bata nobela da, «Pulp» izenburukoa; poema antologia, bestea. «Satanen seme»k, berriz, hogeita bat narrazio eskaintzen ditu, labur-laburrak eta idazle estatubatuarraren ezaugarri guzti-guztiak dituztenak. «Bukowskiren lanetan igeri egiten hasi nahi duenarentzat ere bereziki aproposa izan daiteke», nabarmendu zuen. Mikel Olanok orain dela gutxi nobela alorrean Irun Hiria saria irabazi duela ere gogorazi zuen Mendizabalek.
M.A.