Amurriok gaur inauguratuko du Alanbike Kafe Antzokia
Gaurtik aurrera Arabak badu Kafe Antzoki berria. Amurrioko Alanbike taberna zaharrak aurpegia aldatu du, eta aurrerantzean euskararen topagune eta bultzada bilakatuko da. Gaur izango da inaugurazioa.
Josune VELEZ DE MENDIZABAL | AMURRIO
Pou Anaien hitzaldiaren bidez inauguratuko da gaur, arratsaldeko 20.00etan, Amurrioko Alanbike Kafe Antzokia. Alanbike taberna zaharra izango da, hain zuzen, euskararen topagune berria. «Aurpegia aldatu diogu 1986. urtetik jardunean ari zen taberna honi», aitortu du Juantxu lokalaren jabeak. Baina erreforma fisikoez gain, filosofia aldaketa ere badakar Alanbike Kafe Antzoki bilakatu izanak.
«Gune kulturala sortu nahi dugu, bertan euskararen erabilera eta euskal kultura sustatu nahi ditugu», adierazi du Amurrioko Udaleko Euskara zinegotzi den Estibaliz Larraurik. Zinegotziak adierazi du, gainontzeko Kafe Antzokiek bezala, Alanbikek ere euskararen erabilera sustatzeko filosofia daukala, baina Amurrioko egitasmoa garatzerako orduan ez dela Euskal Herriko gainontzeko Kafe Antzokiekin harremanetan jarri, bere kabuz ibili dela.
«Euskara oinarri duen gune kultural bat sortu nahi izan dugu. Hala ere, ez gara beraiekin elkarlanean aritu, Amurrioko Udalak zehaztu ditu funtzionamenduari edo programazioari dagozkion kontuak -dio Larraurik-. Gainera, Amurrioko Kafe Antzokia ez dago Bilboko edo Durangokoaren sarean sartuta; ez da sare horren `sukurtsal' bat. Amurriokoa dimentsio txikiagoko gunea izango da, baina horiek bezala, euskararen erabilera sustatzea izango du helburu Alanbikek ere».
Helburuak bete
Helburuak beteko direla bermatzeko, Jarraipen Batzordea eratu da; han, udalaren ordezkariak, APYMCAko (Amurrioko Merkatarien Elkartea) ordezkaria, udalaren Euskara Batzordeko ordezkaria eta lokalaren ordezkaria izango dira.
«Euskara berez jendea dagoen lekuetara eramatea» da Larrauriren hitzetan egitasmoa gauzatzerako orduan aurrera eraman duten estrategia. Honen haritik, hamabostean behin ekitaldi kulturalek ere lekua izango dute Alanbiken.
Dagoeneko inaugurazio egunetik urte amaiera arte Alanbike Kafe Antzokiak egitarau kulturala loturik du.
Horiek hala, «7 pareta, 7 kontinente» hitzaldia eta ikus-entzunezkoa izango dira gaur Pou Anaien eskutik Alanbike Kafe Antzokiaren egitarauari hasiera emateko. Azaroaren 30ean, berriz, Euri TTanttak Amurrioko taldeak musika kontzertua eskainiko du gaueko 21.00etan. Abenduaren 15ean, arratsaldeko 20.00etan, «Bob, nor da Bob?» bakarrizketa umoretsua izango da ikusgai; eta abenduaren 26an, arratsaldeko 20:30ean, Txan Magoa hurbilduko da Amurriora helduetzako ikuskizun batekin.
Estibaliz Larrauri zinegotziaren esanetan, «ez da gaur inaugurazio ekitaldi handirik egingo; garrantzia programazioari berari eman nahi diogu eta».