GARA > Idatzia > Ikusmira

Langilea izateak ez du zertan arriskuan bizitzea izan

Lan ezbeharrak egunero gertatzen dira, baita ezbehar larriak ere, eta hildakoak ere oso ohikoak dira. Eman lezake maiztasun horrek garrantzia kentzen diela, lanaren berezko ezaugarriak balira bezala, aurten gutxienez 105 euskal herritar langile hil izana kezka eta alarma pizteko motibo izan beharrean. Azkena atzo Elorrion gertatutakoa da; Txaber Orio 22 urteko gaztea hilda gertatu zen eta haren bost lankide zaurituta, lanean ari ziren enpresan izandako leherketaren ondorioz.

Behin eta berriz, horren segida jasangaitzean gertatzen diren ezbehar horiek sortzen duten egoeran, galdera hauxe sortzen da: azkena izan dadin ahalegin guztiak egiten al dira? Edo «azkenak» metatzen dituen «normaltasun» horretan segitzeko zabarkeria da nagusi?

Sindikatuek salatu dutenez, atzoko ezbeharraren kausa koordinazio eta informazio falta izan zen besteak beste, behin eta berriz salatu izan dituztenak, alegia; eta bere horretan jarraitzen duten berberak. Lan istripuen eta gaixotasunen kausa horietako asko maiz oharkabean gertatzen dira, esate baterako, lan erritmo gogorrak, eta haien ondorioak ere, askotan oso larriak, era berean oharkabe gertatzen dira, joan den hilean Seychelleetako kanpainan hil zen arrantzale euskaldunaren heriotza bezala. Denboraldi luzeak urrunean eman beharra, gehiegizko lana eta, beraz, erritmo gogorrak lanbide baten ezaugarri normaltzat joz gero, normaltzat joko dira lan baldintza kaskar horien ondorioak ere, are heriotza dakartenean.

Lan ezbeharren kausa horiei guztiei aurre egiteko legedia indarrean dago, baina legedi hori, Lan Arriskuen Prebentziorako Legea, hain zuzen, ez betetzea lan ezbeharren kausa nagusia bihurtu da, kausa horretara biltzen baitira guztiak. Lan ezbehar gehienak saihestea, legea betetzen hasita, ez da ezinezkoa, ez da naturako fenomenoen kontra borrokatzea eta, gainera, legez nahitaezko eginkizuna da. Lege hori beteko bada, ordea, lan prekarietateari aurre egin behar zaio, baina badirudi enpresaburu askorentzat prekarietatea bukatzea ez dela lehentasuna; aitzitik, batzuek etekinak optimizatzeko bide erosoa dute. Nolanahi ere, lan ezbeharren kontra borrokatzea enpresaburuentzat ez ezik administrazioentzat ere lehentasuna ez den artean, langilea izatea arriskuan bizitzea izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo