Euroliga
Lidergoa da sari nagusia Baskonia eta Sienaren arteko leihan
Linton Johnson oraindik zalantza da arazo fisikoek bere horretan diraute-eta. Bestetik, Singletoni beste urtebeterako kontratua egin dio talde arabarrak, eta 2009ko ekainaren 30a arte luzatu bere lotura
Arnaitz GORRITI | GASTEIZ
Euroligako laugarren jardunaldiak A multzoko lidergoaren saria ekar lezake Araba Arena pabiloian. Tau Baskoniak eta Montepaschi Sienaren arteko dema, 20.30ean hasiko da, joko bolada txukunean dauden talde biren artekoa izango da.
Gasteiztarrek Olympiakosen aurka galdu arren, beren jokoa eta lekua aurkitu dute Europan. ACB Ligan ere, Kanaria Handiari gailendu ondoren, Neven Spahijaren proiektua sendotzen ari dela dirudi. Simas Jasaitis minutuak izaten ari da behingoan. Linton Johnsonek, aldiz, arazo fisikoak ditu oraindik eta ez da italiarren aurka izango.
Antzeko egoeran daude Sienakoak ere. A multzoko eta LEGAko lidergoa dute, Simone Pianigianik entrenaturikoak jokatutako hiru neurketetatik bi irabazi ostean. Nozituriko porrot bakarra CSKA handiaren aurka izan zen, eta bertan Messinarenak bapo estutu zituzten, 74-70 galdu baitzuten italiarrek.
Beste zenbait taldek baino izen gutxiago izanagatik, Montepaschik baditu jokalari oso ezagunak. Hala, jokalari bikainek osatzen dute italiarren bizkarrezurra, Kaukenas, Ilievski, Marco Carrareto -Tau Baskoniako jokalari ohia- edo Ksistof Lavrinovic kasu. Halere, Montepaschiren izarra Terrell McIntyre hegalekoa da. Talde sendoa, beraz, eta neurketa latza.
Singleton urtebete gehiago
Bestetik, atzo jakitera eman zenez, James Singleton hegal-pibot estatubatuarrari kontratua beste urtebetez luzatzea erabaki zuen talde gasteiztarrak. Hala, 2009ko ekainaren 30era arte talde baskonistari lotuta izango da jokalari amerikarra.
Dena dela, sei hilabeterako bajan dago Singleton, irailaren 29an `Bizkaia Arena' pabiloian Supercopako finalean belaunetik larriki lesionatu zenetik.
Antza denez, Saski Baskoniako buruak gustura daude jokalariaren jarrerarekin. Beti ere kideei animoak ematen eta neurketak gogotsu bizitzen ikusi baitute. Errekuperazio prozesuari dagokionez, berriz, «aurreikusitako erritmoan» doala aitortu zuten talde gasteiztarreko zerbitzu medikutik.