Munduko I. Pala Txapelketa
Sei bikote eder lehian palari galdutako dirdira itzultzeko
Txapelketa larunbatean hasiko da Bilboko Deportivon eta finala abenduaren 1erako dago aurrikusita
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Goi-mailako sei bikotek hartuko dute parte datorren larunbatetik aurrera Munduko Pilota Batzarraren laguntzarekin antolatu den profesional mailako I. Munduko Pala Txapelketan. Lehiaketari bi multzotan banatuta ekingo diote hamabi pilotariek eta, ondoren, finalerdiak eta finala iritsiko dira. Partida guztiak Bilboko Deportivo pilotalekuan jokatuko dituzte eta finala datorren abenduaren 1erako dago aurreikusia.
Aurkezpen ekitaldia BBK-k Bizkaiko hiriburuan duen aretoan ospatu zen, eta bertan, parte hartuko duten bikoteak ezagutarazteaz gain, bi multzoen zozketa ere egin zen. A multzoan Gaubeka-Velilla, Urkia-Imanol eta Ziskar II-Rekalde bikoteek hartuko dute parte. Aipatzekoa, Ziskar II-Rekalde bikotean sakea Luis Ziskarrek aterako duela. B multzoan arituko direnak Fusto-Larrinaga, Iriondo-Lujan eta Urkijo-Galan bikoak izango dira. Antolakuntzak bi serie-buru ere ezarri zituen: Gaubeka-Velilla (A) eta Fusto-Larrinaga (B).
Ligaxka bakoitzean bikote bakoitzak bi partida jokatu beharko ditu, eta lehen bi sailkatuek lortuko dute finalerdietarako txartela. Normala den moduan, multzoburuek bigarren sailkatuen aurka jokatuko dute finalerdi horietan eta, batere denborarik galdu gabe, final handia abenduaren 1ean, larunbata, jokatuko dute Deportivon.
Bilboko aurkezpenean Txema Aldamiz Etxebarria, Kepa Arroitajauregi eta Patxi Ziskar egon ziren Munduko Pilota Batzarraren izenean, eta Nora Dañobeitia BBKren izenean. Hauekin batera, parte hartuko duten hainbat palista ere agertu zen ekitaldian. Aldamiz Etxebarriaren hitzetan, lehiaketa hau «berriz ere indarra hartzeko bilgune bat izan daiteke pala profesionalarentzat», batez ere, Euskal Herritik kanpora ere «oihartzun handiagoa izateko».
Asfedebiren lana
Kontutan izan behar da, Munduko Txapelketa honetan parte hartuko duten hamabi palariak Asfedebi Pilota erakundeak kudeatzen dituela. Emanbilboren porrotaren ostean, erakunde horrek hartu zuen pala profesionalaren kudeaketa aurrera eramateko erantzukizuna eta, martxoaren amaieratik, haiek dira pala jaialdiak antolatzen dituztenak. Hilabete hauetan, Bilboko Deportivo izan da gune nagusia, baina pala Bilbotik kanpora ateratzeko nahia ere erakutsi izan dute, uda partean batez ere.
Protagonistei dagokionez, B multzoak indartsuagoa dirudi hasiera batean. Pablo Fusto aurrelari argentinarrak -azken hiru urteetan Binakakoan txapeldun- eta Koldo Larrinaga atzelari sopeloztarrak -2005ean irabazle- osatzen duten bikotea gainditzea ez da erraza izango beste bi bikoteentzat. Hala ere, ezin da zalantzan jarri haien kalitatea. Iriondok eta Lujanek osatzen duten bikote beteranoa batetik -42 eta 34 urte, hurrenez hurren- eta Jose Urkijok eta Manuel Galanek osatzen duten biko bizia bestetik.
A multzoan, serie buruak Esteban Gaubeka eta Daniel Velilla dira. Armintzakoak beti ematen du bere maila, baina ikusi egin beharko da atzelari aragoarrak zenbat laguntzen dion. Urkia-Imanol kontuan hartzeko joko nahasketa izango da eta, azkenik, Luis Ziskar sakatzen ikustea ere erakargarria izan daiteke.
A multzoan Gaubeka-Velilla, Urkia-Imanol eta Ziskar II-Rekalde neurtuko dira. B multzoan, berriz, Fusto-Larrinaga, Iriondo-Lujan eta Urkijo-Galan. Bi lehen sailkatuak, finalerdietara.
Txapelketako partidak sei jaialditan banatuko dira: azaroaren 17an, 20an, 22an, 27an, 29an eta abenduaren 1ean. Denak Deportivon jokatuko dituzte eta horietatik batzuk ETBk emango ditu zuzenean.