GARA > Idatzia > Euskal Herria

Le Vertek Garzonen bide berbera hartu duela salatu du Askatasunak

Herenegun Baionako, Ziburuko eta Hendaiako herriko tabernetan poliziak egindako miaketek irailaren 24ko operazioarekin «lotura zuzena eta helburu berbera» dutela uste du Askatasunak: «mugimendu abertzalea kriminalizatzea». Estatu frantsesa ematen ari den urratsa «oso larritzat» jo du eta gainerako mugimenduei dei egin die «askatasun demokratikoen eraso honek desmasia guztiei ateak irekitzen dizkielako eta, bihar, beraien kontra bihur daitekeelako».

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Estatu frantsesak, Le Vert epailearen eskutik, «Hego Euskal Herrian Garzonek abiatutako bide berbera» hartu duela salatu zuen, atzo, Baionan, Askatasunak, Tana, Xilko eta Kanttu herriko tabernetan bezperan poliziak egindako miaketen harira eskaini prentsaurrekoan.

Anaiz Funosas bozeramaileak adierazi zuen ez dakitela zehazki «ilegalizazio eta antzeko neurrietara» iristeko asmoa duen ala ez baina argi dela helburu bera bilatzen duela, hots, «Euskal Herriaren eta bere herritarren eskubideen alde diharduen esparru sozial eta politikoa kriminalizatu eta lanean ari den jendea kikildu eta etsiaraztea».

Asteazkeneko miaketak nola gertatu ziren kontatu ostean, Funosasek nabarmendu zuen irailaren 24ko operazioarekin «lotura zuzena» dutela miaketok: «Orduan, Ducasse ostalariaren kontrako erasoak aitzakia hartuta, operazioak beste jomuga zuela argi geratu zen gerora. Oraingoan ere finantziazio eta diru kontuak ikertu nahi izan dituzte. Mugimendu abertzalea kriminalizatu nahian dabiltza».

Jokaera «erridikulua»

Herriko tabernetan poliziek izandako jokaera «erridikulua» izan zela gaineratu zuen Askatasunaren bozeramaileak: «Sartu eta berehala hasi ziren aulkiak kontatzen, barra neurtzen, botelak erdi hutsak zeuden ala ez ikusten... ».

Miel Torrek hitzok berretsi zituen. Baionako herriko tabernako gerente izateagatik deitu zuten bertara eta gerora komisaldegian galdekatu zuten. «Galdera gehienak antolakuntzari eta diruari buruzkoak izan ziren. Etekinekin zer egiten dugun jakin nahi zuten», esan zuen Torrek langileentzat soldata duinak lortzeko dituzten arazoak nabarmenduz. «Xilkotik lau kartazaletan sartzen diren paperak eraman zituzten, ohiko erosketa txikietako fakturak eta antzekoak. Gure kontuak argi daude», esan zuen Torrek.

Herriko tabernak jende orori eta herri mugimenduei irekiak dauden bilguneak direla gogorarazita, Parisko epaileak emandako urratsa oso larritzat jo zuen Funosasek: «Errepresioa areagotzen ari dira eta, hori, bake bidea jorratzeko egindako saiakeratik gatozenean. Estatu frantsesak ez du fitxik jakin izan nahi gatazkatik ateratzeko egin proposamenekin eta, ohi moduan, soilik mespretxuarekin erantzuten ari da».

«Desmasia larriak»

«Kasu honetan proiektu bat isilaraztea, herritarren hitza eta erabakia errespetatua izan dadin bilatzen duen proiektu abertzale eta ezkerrekoa isildu nahi dute baina, bihar, beste edonori neurri berak aplikatu diezazkiekete, bide honek desmasia guztiei atea irekitzen baitie» esan zuen gainerako mugimendu politiko guztiei dei eginez, «askatasun demokratikoen kontrako erasoaren larritasunaz» jabetu daitezen.

RUBALCABA

Barne ministro espainolak atzo adierazi zuen Estatu frantsesak, asteazkeneko operazioarekin, Estatu espainolaren «terrorismoaren kontrako borrokaren eskema» bere egiten duela.

Manifestazioa larunbatean eta batzarra gaur D. Garazin

Estatu frantsesaren «errepresioaren aitzinean» bi joera har daitezkeela uste du Askatasunak: «etsipenak jota txoko batean geratu gure gainean eror ez dadila desiratuz edo, beti egin dugun moduan, gure lanarekin eta borrokarekin aurre egin. Argi daukagu bide horri ekingo diogula oraingoan ere, lanari eta borrokari esker gero eta jende gehiago ulertzen ari baita konponbidea bide politiko eta demokratikotik etorriko dela».

Alde horretatik, datorren larunbaterako, azaroak 17, arratsaldeko 17.00etatik goiti manifestazioa egingo du Askatasunak Ziburuko plazatik abiatuta, «Utzi Euskal Herria bakean» lelopean. Segik ere manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Bestalde, irailean hasitako «muntaia polizial eta juridikoari» buruz, gaur bertan, Donibane Garaziko Administrazio Gunean, biltzar irekia antolatu dute arratseko 20.30ean. Yolanda Molina abokatuak, orduan espetxeratuak izan ziren Pantxo Flores, Mixel Barnetxe, Joan Bidart, Cedric Garai eta Xabier Perez Susperregiren kasuak azalduko ditu.

Orain hiru urte antzeko operazio batean atxilotu eta urtebetez espetxeratu zuten Jean-François Lefort Askatasunaren garaiko bozeramaileak bere testigantza emango du. Errepresioaren aurkako erakundeak jakinarazi du tokiko hautetsi guzti-guztiak pertsonalki gonbidatu dituztela batzarrean parte hartzera. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo