GARA > Idatzia > Kultura

«Seximenduz» edo «zer arraio egin behar da hemen ligatzeko?»

«Seximenduz» edo, azpitituluak argiro esaten duen bezala, «Zer arraio egin behar da hemen ligatzeko?». Hori da Fernando Morillok, batez ere nerabeei begira, plazaratu duen (esku)liburua. «Ars amandi» moduko bat da, fitxak eta guzti, edo nolabaiteko «mapa seximentala».

p051_f02_148x103.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Adin bereko bi lagun dira. Aitorrek baditu hainbat neska ezagun, lagun edo dena delako. Unai, berriz, sekula ez da ausartu neska bati hitz erdirik ere esaten, mozkorturik ez bazen, eta horrela, jakina, ezin ganorazko ezer lortu. Desesperatuta, neska-kontutan eskarmentua duen lagunarengana hurbildu eta, mesedez, laguntzeko eskatu dio. Aurrerantzean, Unairen heziketa «seximentala» bere gain hartuko du Aitorrek. Hauxe da Fernando Morillok Elkarren eskutik plazaratu berri duen «Seximenduz» liburuaren argumentua.

«Ez da sexu fisikoaren ingurukoa, nolabaiteko sexu sentimentalaren ingurukoa baizik», ohartarazi zuen atzo aurkezpenean egileak berak. «Askotan esaten da -jarraitu zuen- Euskal Herrian, sentimentuei dagokienez behintzat, nahiko motzak garela, eta arrazoi pitin bat badagoela uste dut». Liburuaren bidez moztasun hori gainditzeko hainbat pista ematen saiatu da Fernando Morillo, «umorez, baina, aldi berean, serio».

Lagunei galdeketa zorrotza

Andoni Egañaren «buruari asea eta bihotzari gosea ez baita bidezkoa» esaldia abiapuntutzat hartuta, Morillok bere eta lagunen nerabezaroko maitasun kontuak alderatu ditu eta horien gainean «nolabaiteko mapa seximentala» egiten saiatu da. «Lagunei, neska zein mutilei, sekulako kaparrada eman diet, haiek nola ligatzen zuten-eta galdetuz. Ondorioa da denok ibili garela bueltaka korapilo beraren inguruan: mutilok ez genuen nesken jokabidea ulertzen eta alderantziz; horrek mina sortzen zuen gure garaian eta egun ere mina sortzen jarraitzen du».

Etengabe «eredu berberak» errepikatzen direla ere ondorioztatu du Morillok: «Guztion porrotak eta garaipenak oso antzekoak dira. Une jakin batean, pertsona bati irudituko zaio sekulako hankasartzea egin duela, baina seguru harri horretan bertan beste hamaika erori direla. Hori jakiteak ez du hankasartzea konpontzen, baina norberak bere burua mapa seximentalean kokatzeko lagungarria izan daiteke».

Liburuan bildu dituen istorio guztiak errealitatetik hartutakoak dira. «Alde horretatik, idatzi ditudan liburuetatik errealena da, beharbada», aitortu zuen. Istoriook irakurtzean, «seximenduen mapa pitin bat ezagutzen duenak», gazte nahiz heldu, bere burua batean ez bada bestean, nola edo hala islatuta ikusi eta seguru asko barre egingo du. Mapa ezagutzen ez duenak, berriz, bi gauza topa ditzake: «Mina eta angustia arintzeko analgesikoa eta `jolas' horretan pitin bat harago joaten ausartzeko suspergarria».

«Seximeduz»en bertan azaltzen du Morillok liburua norentzat ez den egokia, alegia, «serioentzat eta, berez erakargarri izateaz gain, horrekin inolako arazorik ez dutenentzat; horiek ez baitute behar zeruko erreinurik. Amen». Gainerakoentzat, berriz, «Seximenduz», liburuaren atal baten titulua gogoan, «Biblia baino are hobea» izan daiteke.

Xabier Mendiguren Elkarreko argitaratzaileak gogoratu zuenez, Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) seguru asko DBHn-eta arrakastarik handiena duen euskal idazlea da. Darabilen prosa arina eta aukeratzen dituen argumentuak -gazteentzat bereziki erakargarriak- arrakasta horren giltzarriak dira.

«Bai baina ez baina bai», Mallorcan

Fernando Morillorena ez da Elkarrek gaztetxoei begira eta neska-mutilen arteko harremanak ardatz hartuta azkenaldion argitaratu duen liburu bakarra. Izan ere, atzo bertan Pasqual Alapont-ek «Bai baina ez baina bai» nobela ere aurkeztu zuen.

Ikasturte amaierako bidaian Mallorcara doa taldea. Asmoa, noski, ondo pasatzea, parrandan ibiltzea eta, ahal dela, ligatzea da. Irakasleek bisita eta ekitaldi kulturalez bete dute egitaraua, ordea. Hondartzako bainuen eta monumentuen bisiten artean, neska-mutilen arteko hurbiltze eta urruntzeak ere gertatuko dira, amodioaren jolas betikoan: bai baina ez baina bai.

«Guretzat ere nahiko ezaguna izan daitekeen paisaia horretan benetan nobela dibertigarri, sinesgarri eta polit bat egiten asmatu du Pasqual Alapontek; niri, behintzat, asko gustatu zait eta zer irakurri ez dakiten gazteei beldurrik gabe aholkatuko nieke», esan zuen atzo Xabier Mendiguren argitaratzaileak.

Alapont (Catarroja, Valentzia, 1963) gazte literaturako egile estimatuenetako bat da Katalunian.     M.A.

JOLASEAN AUSARTU

Liburuak hainbatek sentitzen duten angustia arintzeko balio dezakeela uste du Fernando Morillok. Izan ere, hori izan daiteke sekretua «jolas» horretan ondo pasatzeko. Hala ere, «hori erraz esaten da», aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo