GARA > Idatzia > Kultura

«Amamaren Memoria», Alzheimerra gertutik ezagutzeko parada

POK Produkzioak etxeak «Amamaren Memoria» antzezlana estreinatuko du asteburu honetan Donostiako Antzoki Zaharrean. Alzheimerren gaitzaren gainean eraikitako obra da, drama dario beraz, baina umorea atzean utzi gabe. Oso lan «bihozbera» dela esan dute antzezleek.

p056_f02_97x68.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

«Amamaren Memoria» oso lan «bihozbera» bezala aurkeztu zuten atzokoan bertan parte hartzen duten antzezleek. Alzheimerren gaitzak eragiten dituen kalteez hitz egiten du baina, drama bat dela kontuan hartuz une latzak badituen arren, hauek umoreari ere tartea irekitzen diote.

Asteburu honetan estreinatuko dute lana Pok Produkzioak eta Theatre des Chimeres-koek Donostiako Antzoki Zaharrean, euskaraz eta gaztelaniaz gainera. Izan ere, iaz konpainien elkarlanaz egindako «Kaukasiar Kreazko Borobila» lanak Donostia Saria irabazi zuen, eta horrek ahalbidetu du hain zuzen ere oraingoan estrenaldia Donostian izatea.

Zuzendari lanetan Jean-Marie Broucaret aritu da eta antzezleak Axen Egaña, Olatz Beobide, Joxelu Berasategi, Kepa Errasti, Lierni Fresnedo, Mikel Laskurain eta Yannick Vergara dira.

Beobidek azaldutakoaren arabera, antzezlanak «bizitzaz hitz egiten du. Memoriaren eskualdatzeaz». Berez istorioa dramatikoa da; amamak (Axel Egaña) Alzheimerren gaitza du eta behin alabaren etxean dagoela familia osoa jabetuko da gaixotasunaren nondik-norakoez. «Obraren tonua eleberriaren egileak jarri zion, eta honek ez zuen minetik hitz egin nahi. Gaia tristea da, baina berak bilobaren arrastoa jarraitu zuen dramatikotasuna kentzeko», esan zuen Beobidek.

Ama eta alaba taula gainean

Bilobaren papera Yannick Vergarak egiten du, eta amamarena Axen Egañak, Olatz Beobideren amak hain zuzen, antzezlanean bezalaxe. «Asko erreztu dit lana honek», esan zuen Beobidek.

Alzheimerraren gaineko istorioa izaki, prentsaurrekoan AFAGIko (Asociación de Familiares de Enfermos de Alzehimer de Gipuzkoa) Marisa Ortigosa ere izan zen, estreinaldi aurretik ere obra ikusteko aukera izan duena. «Une zailak ditu, hunkiarazten dutenak, baina barre ere egin nuen. Gaixotasuna den bezala agertzen dute. Zerbait azpimarratuko banu, familiak gaixotasunaren aurrean duen erantzuna da», esan zuen.

«MAMIE-MÉMOIRE»

«Amamaren Memoria» Herve Jaouen-ek idatzitako «Mamie-Mémoire» eleberriari Jean-Marie Broucaret-ek egin zion moldaketa da. Liburuak, besteak beste, mediku arloaren sari bat jaso zuen gaitzari emandako trataeragatik.

45 urte joanda, Axen Egaña berriz ere agertokira

Berrogeita bost urte joan dira Axen Egañak, Olatz Beobideren amak, agertoki bat azken aldiz zapaldu zuenetik. Uste baino errazagoa izan da harentzat berriro lanari ekitea, areago bere amak Alzheimerra izan zuela kontuan hartuta. Egañak, malko artean, obra egitean amarekin bizi izandako guztiez oroitu dela esan zuen, eta antzezlanari eta gainontzeko antzezleei asko lagundu die horrek.      R. C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo