GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Tortura, zuzenbidearen ukoa

Gobernuko presidente batek, epaile batek edo polizia buru batek bere estatuan ez dela torturatzen esateak ez du bermatzen estatu horretan torturarik ez existitzea. Epaitegiek torturatzeagatik zigor gutxi ezarri izanak ez du esan nahi tortura ez dela sistematikoa. Estatu batek torturaren kontrako hamaika hitzarmen sinatu izanak ez du esan nahi estatu horretako ziegetan atxilotuak hil nahi izateraino -eta batzuetan hiltzeraino- txikitzen ez dituztenik.

Hori ez da horrela nik diodalako, Amnesty Internationalen azken txostena irakurritakoan edozeinek ondorioztatuko lukeelako baizik. Txosten horren arabera, Estatu espainolak ez ditu betetzen sinatuta dauzkan hitzarmenak eta horiek agintzen dituzten protokoloak.

Galdera laño bat: Zergatik zuzenbidezko estatu batek -eurek esaten duten moduan- erabiltzen du horrelako tresna ilegala terrorismoari -eurek esaten duten bezala- eta, bide batez, disidentzia orori aurre egiteko? Erantzun enpiriko bat: tresna baliogarria duelako, bestela ez luke erabiliko eta, hartara, ez lituzke jasan behar AI, TAT eta are NBEko gogaikarri horiek bere zuzenbidezko izaera kolokan jartzen. Eta terroristak -eurek esaten duten moduan-...? Horiek ez dira zuzenbidezko estatua, bistan da, eta harrapatzen dituztenean torturatu eta zigor ikaragarriak ezartzen dizkie zuzenbidezko estatuak -eurek esaten duten moduan-, baita normalizazio eta bake prozesu baten barneko elkarrizketak abian ziren bitartean ere. Eta torturaren susmoa astintzeko bere sotoetara argia eraman beharrean, areago iluntzen ditu eta torturatuaren salaketa haren kontrako akusazio bihurtzen.

Inor gutxik ukatzen du herri honetan dugun arazo mingarriari irtenbide justua bilatu eta aurkitzeko elkarrizketa beharrezkoa dela, bakean eta denon artean adostu beharreko moduan bizitzeko eskubidea dugula; horregatik, inork ez du hura zapuzteko eskubiderik. Ezin da etsi haren bila, ezin nekatu. Eta, zalantzarik gabe, tortura desagerrarazteak elkarrizketa horretara hurbilduko gintuzke. Atxilotutako herritarrak ez torturatzea, zuzenbidezko estatu bati eskatu beharreko gutxieneko bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo