GARA > Idatzia > Editoriala

Abiadura moteleko demokrazia

Demokraziari buruz ikuspuntu desberdinak egon daitezke, eta egon badaude, indar politikoen artean. Izan ere, beste auzi batzuez gain, demokraziari buruz duten ikuspuntuagatik babesten dituzte herritarrek alderdi edo erakunde batzuk eta ez beste batzuk. Baina alderdi berberek, gaiaren arabera, demokraziari buruzko ikuspuntu kontraesankorrak izatea, kontu zeharo desberdina da. Hori da, hain zuzen ere, Lakuako Gobernuko alderdiei Abiadura Handiko Trenarekin gertatzen ari zaiena.

Alde batetik, Gasteizko Parlamentuan egoera politikoari buruzko bilkura egin zenetik, Ibarretxe herri kontsultaren alde aritu da behin eta berriz. Madrildik galdeketaren aurka erabili diren argudioak ezagunak dira: Konstituzioa eta zuzenbide estatua. Erreferenduma ezin omen da egin Espainiako Konstituzioak Estatuari soilik ematen diolako baimena honelako galdeketak egiteko; ondorioz, eginez gero, ekimena ilegala litzateke. Bitartean, Euskal Herrian, gero eta udal gehiago ari dira AHTri buruzko herri galdeketak antolatzen -atzo bertan, Elorrioko udalak abenduaren 2an galdeketa egitea erabaki zuen-. Paradoxikoki, Lakuako Gobernutik kontsulta horien aurka erabiltzen diren argudioak Ibarretxek bultzatzen duen erreferendumaren aurka erabiltzen diren horiek berak dira. Herritarren ordezkari diren alkateei esan diete ez dagokiela esparru horiei -udalerriei- honelako erabakiak hartzea, edo zuzenean, galdeketa ez dela legala . Honetan, gainera, Gobernu espainolak Euskal Herrian dituen ordezkaritzekin bat dator EAEko gobernua.

Auzia are larriagoa da AHTri buruzko informazioa partziala eta osatugabea denean. Egun, obrak martxan jartzeko tramiteak aurrera doaz eta beste esparruei eta zerbitzuei -osasungintzari bereziki- dirua murriztu diete azpiegitura itzel hori finantzatzeko; hala ere, trenaren ezaugarri nagusiak ez dira oraindik publiko. Argi dagoen bakarra zera da, batzuentzat demokrazia lau urtetik behingo errituala dela, eta parte hartzea men egitearen sinonimo; oso abiadura moteleko demokraziaren aurrean gaudela, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo