GARA > Idatzia > Euskal Herria

Milaka sukaldari Donostia usaintsu, zaporetsu eta koloretsuago egiteko

Azaroaren 19tik 22a arte IX. Gastronomiaren Onena kongresua izanen da Donostian eta hainbat herrialdetako 3.000 profesional baino gehiago bilduko dira hitzaldietan. Herritarrengana hurbiltzeko asmoz, pintxo berriak eskainiko dituzte ostatuetan ohi baino merkeago.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Gastronomiako profesionalek ideiak trukatzea, sukaldaritza etengabe garatzea, modernizatzea, munduan aitzindari izatea, belaunaldi berriei lekua egitea... Horixe da, Rafael Garcia Santos zuzendariaren hitzetan, Gastronomiaren Onena kongresuaren xedea. Bederatzigarren aldiz eginen dute ekitaldia, baina egitaraua berria da, balio berriak sustatu nahi dituztelako.

21 herrialdetako 3.000 chef eta gastronomiako profesionalen topaleku izanen da Donostia heldu diren egunetan. Adibidez, Ferran Adriak zuzendutako eztabaida izanen da astelehenean Kursaalen, 19.30ean. Gaurko sukaldaritza zer da, teknologiaren edo irudimenaren garapenaren emaitza? Edo biena? Galdera honi erantzuna bilatzen ahaleginduko dira sukaldariburuak eta kritikoak.

Hitzaldiez eta mahai inguruez gain, herritarrak erakartzeko asmoz I. Pintxoaren Astea antolatu dute. Hala, gaurtik hasita kongresua bukatu arte pintxo modernoak dastatzeko aukera izanen da hiriko tabernetan. 52 ostatuk hiruna lan aurkeztuko dituzte, bi pintxo berritzaile eta tradizioari eusten dion bertze bat. %30eko deskontua izanen dute hirurek egun osoan.

Tolosan, lekaleen besta

Heldu den igandean lekaleen azoka egitekoa da Tolosako merkatuan, goizeko hamaiketan hasita. Martin Berasategiren erakustaldia izanen da hamabietan. Lekale plater onenak prestatu dituzten sukaldariei urrezko dominak emanen dizkiete eta herri bazkaria ere iragarrita dago, saritutako jaki guztiez gozatu ahal izateko. Herriko ordezkari Josemi Gomez Elosegik prentsaurrekoan adierazi zuenez, Tolosa eredu da gastronomiaren arloan eta egiten dutena hobetzeko asmoz antolatzen dituzte halako ekitaldiak: txuletaren festa, arrautzarena, Babarrunaren Astea...

Pedro Subijanak eta Martin Berasategik ideia bera nabarmendu zuten komunikabideen aitzinean: «Ez zuen inork irudikatzen hemengo gastronomiarekin hau gertatuko zenik. Sukaldean hasi nintzenean, profesionalek errezetak gordetzen zituzten eta orain, berriz, egin duten onena erakusten dute», azaldu zuen Berasategik. Plater sarituetako baten egile Hilario Arbelaitzek erran bezala, umore ona eta plazerra dira kongresuaren helburuak, horixe baita azken finean gastronomia.

prestijioa

Pedro Subijanaren hitzetan, kongresu honek, eta gastronomiak orokorrean, prestijioa ematen dio Donostiari. Mundu osoan ezagunak eta errespetatuak izateko arrazoi bat da.

adriari omenaldia

Azken egunean, azaroaren 22an, omenaldia eginen diote Ferran Adriari arratsaldeko zazpietan Kursaalen, eta ondotik hitzaldia emanen du sukaldariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo