Aizkora Urrezko lehiaketa
Hamabi bikote neurtuko dira lau multzotan banatuta
Multzo bakoitzean hiru bikote izango dira, eta bakoitzetik estreinako biek egingo dute aurrera, beraz, lehen fasean, lau bakarrik geratuko dira kanpoan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Binakako Urrezko Aizkora abiatzeko prest dago, etzi hasiko baita Mallabian lehiaketa hau. Hamabi bikote arituko dira, eta lau multzoan izango dira, bakoitzean, hiru beraz.
Aurtengoan, gazteei ere aukera eman nahi izan diete, eta Mugertza II.a, edo atutxa II.a ere lehian izango dira. Orain arte gazteekin aritu izan dira, 20 eta 19 urte besterik ez baitituzte, aurten, berriz, onenekin batera aritzeko parada izango dute.
Multzoak honako hauek dira: Lehenengoan, Nazabal-Mugertza II.a, Senosiain anaiak eta Lopez-Vicente izango dira. Bigarrenean, Larretxea-Atutxa II.a, Mindegia-Rekondo, Mugertza-Barberena. Hirugarren multzoan, Olasagasti-Mujika, Otaño-Lasa, Azurmendi-Ugarteburu. Laugarrenean, azkenik, Arrospide-Zubiaga, Txapartegi-Etxebeste eta Peñagarikano-Arria V.a arituko dira.
Lehen fasean, multzo bakoitzean ligaska jokatuko da, eta guztiak elkarren aurka neurtuko dira. Hori bukatutakoan, bakoitzetik, estreinako biek egingo dute aurrera, azkena bakarrik geratuko da kanpoan.
Final-laurdenak nola jokatuko diren ere erabakita dago, ordurako mulzoak nahastu egingo dira. Kanporaketak saio batera izango dira, eta irabazleak finalerdietan neurtuko dira. Finala Azpeitian izango da.
Bikote orekatuak
Antolatzaileak bikote orekatuak egiten saiatu dira, eta garbi dago lortu dutela, oreka handia sumatzen baita, eta ez baita faborito garbirik ikusten.
Hala ere, zaleak, beren faboritoen zerrendak egiten hasi dira, eta bi agertzen dira besteen gainetik. Alde batetik Larretxeak eta Atutxa II.ak osatzen dutena, eta bestea, berriz, Peñagarikanok eta Arriak osatua. Dena dela, hor aizkolari handi asko daude, eta lanak ere ezberdinak direnez, kontuan hartzeko modukoak dira gehienak.
Lanak, berriz, ezberdinak izango dira, eta denak amaitu ostean, denborarik gutxien egin duenak irabaziko du saioa. Fasez fase, lanak zertxobait aldatuko dira, baina lehen fasean, denentzat berdinak izango dira.
Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtuko dira. Biko bakoitzeko aizkolariak, enborarren alde bat moztu beharko du. Ondoren, 45 ontzakoarekin erlojuz kontra arituko dira, bikoteko bakoitzak bat moztu beharko du. Gero, 60 ontzakoa txanda librean zeinek azkarrago erdibitu neurtuko dira. Hori amaitutakoan, 45 ontzako bat zutik, eta bestea etzanda moztu beharko dute, bikoteko bakoitzak bat. Hori amaitutakoan, bikote bakoitzak 60 ontzako bana erdibitu beharko dute, eta azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60ko moztu beharko dituzte.
Binakako Urrezko Aizkorako lehen jardunaldia Mallabian jokatuko da etzi, 17.30ean hasita, bertako pilotalekuan. Hasteko, Rekondo eta Mindegia Larretxearen eta Atuxa II.aren aurka arituko dira.
B multzoko saioa izango da, eta lehen proba hau irabazten duenak, urrats handia emango du final-laurdenetan izateko, honelako ligaska txikietan, proba bat irabazten duenak urrats handia ematen baitu aurrera egiteko.
Faboritorik aipatzekotan, agian Larretxea eta Atutxa izan daitezke. Biak oso ongi moldatzen dira lantegi honetan. Bizkaitarra, gainera, bere herrialdeko Irekia irabazita dator.
Antolatzaileak biko orekatuak egiten saiatu dira, eta gainetik ikusita, helburua lortu dutela esan daiteke. Betiko aizkolari ezagunez gain, gazteak ere sartu dituzte, etorkizunari ateak zabaltzen hasi dira Egur Sportekoak.
Urrezko Aizkoran azkeneko urteetan egin den moduan, lan azkarrak eta ezberdinak egin beharko dituzte aizkolariek; guztiak denborarik gutxienean egiten dituenak, irabaziko du proba bakoitza.