Imanol Urbietak jasoko du aurten Anton Abbadia saria
Imanol Urbieta musikari eta irakasleak jasoko du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak ematen duen Anton Abbadia saria. Musika irakasbide eta adierazpide gisa erabiltzean, euskara beti kontuan izan duela baloratu dute epaimahaikoek.
Martin ANSO | DONOSTIA
Maria Jesus Aranburu Kultura foru diputatuak atzo goizean prentsaurrekoan ezagutarazi baino lehen, Imanol Urbietak bazekien, noski, saria eman behar ziotela. «Aspaldi» esan omen zioten, horren aspaldi, ezen «ahaztuta» eta guzti omen zuen. Nolanahi ere, «ilusioa» egin dionik ez zuen ukatu.
Imanol Urbietak (Zarautz, 1934) orain dela urte batzuk hartu zuen erretiroa, baina, neurri batean, behintzat, musikari eta pedagogiari lotuta jarraitzen du. «Erretiroa hartu eta berehala etorri zitzaidan jubilatuekin lana egiteko konpromisoa, Zarautzen abesbatza bat egin nahi zutelako, eta geroztik hor gabiltza, astean bitan biltzen». Horretaz aparte, tarteka, Xirula Mirulara ere joaten da, «baina semeari grabazioetan-eta laguntzera bakarrik». Azkenaldion, bi urteko haurrentzako musika ere egiten ari da, eta, sorkuntza aldetik, hori da gehien asebetetzen duena, «oso gauza berria baita». Ba omen du musika hori grabatzeko asmorik, baina «presarik gabe». Izan ere, makina bat disko grabatutakoa da. Zenbat grabatu duen ere ez daki zehatz-mehatz, bere biografiek ehun inguru izan daitezkeela dioten arren.
Urbietak haurrekin egindako lana da epaimahaiak saria emateko aipatu duen arrazoi nagusietako bat: «Berritzailea izan da irakasteko moduetan; bere ikasle izandakoek gogoan dituzte oraindik, esate baterako, bost kontinenteetako ibai eta mendiak, bakoitza bertako doinuekin egokitutako kantetan». Harekin egindako lana, beti ere musika eta euskara uztarturik, Xirula Mirula eskolan gorpuztu zen denboraren poderioz.
Baina helduentzat ere makina bat lan egindakoa da Urbieta. Bere kantu batzuk «herrikoiak» balira bezala kantatzen dira gaur egun. Berak ere nahiago omen du horiek ez aipatu. «Ahaztuta dauzkat -esan zuen atzo-. Nik koro bat zuzentzen nuen; koroetan bazegoen musikari handiegien partiturak kantatzeko joera, eta berria zen zerbait egiten saiatu nintzen, baina orain horiek guztiak urrutiko gauzak egiten zaizkit».
«Euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte oinezkoen jarduna» aitortzeko sortu zuen Foru Aldundiak orain dela hamar bat urte Abbadia saria. Araudian irakur daitekeenaren arabera, «sariak giza alorrean egindako ahalegin isila onestea bilatuko du, eta urte luzetako sustrai sakonez etorkizunerako eredugarri izan daitezkeen jokabideak sustatuko». Urbietaren lanak «guztiz eta erabat» betetzen ditu baldintza hauek. Beste hautagairik ere bazen, «zein baino zein merezimendu ugariagokoa»; beraz, ez omen da erraza izan epaimahaikoen lana. Epaimahaiko horiek Maria Jesus Aranburu Kultura diputatua; Estibaliz Alkorta Euskara zuzendaria; Iñaki Arruti euskara teknikaria; Rosa Zufia Tabakalerako komunikazio arduraduna; Arantxa Zugasti «Noticias de Gipuzkoa»ko zuzendariordea, eta aurreko bi urteetako saridunak, Mikel Elorza Armiarma.com-eko arduraduna eta Juanba Berasategi zinemagilea, izan dira.
Etorkizunari begira, aldaketak
Maria Jesus Aranburuk atzo adierazi zuenez, Abbadia sariaren araudiak aldaketa bat izango du aurten. Izan ere, hemendik aurrera ez da urtero emango, bi urtean behin baizik. Bestalde, sari emate ekitaldiaz gainera, sarituaren lana ezagutarazteko ere aprobetxatu nahi dute. Hau da, Urbietaren kasuan adibidez, aurten jasoko du Abbadia saria (12.100 euro eta Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura), eta datorren urtean, berriz, bere lana gizarteratzeko ekimenen bat eramango dute aurrera. «Orain aztertzen ari gara zein bidetatik eta nola egin genezakeen gizarteratze hori, baina oraingoz esan dezakegu informazio eta jakintza teknologien bitartez egindako proiektu bat izango dela», aurreratu zuen Aranburuk.
Saria azaroaren 30ean jasoko du Imanol Urbietak, 19.30ean, Foru Aldundiko areto nagusian. Abenduaren 3an izatekoa da Nazioarteko Euskararen Eguna, honi begira Gipuzkoan antolatutako lehenengo ekitaldia izango da.