GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ganorazkoa izan, koino!

Gelditu dezatela mundu honen martxa, jaitsi behar dut eta! Zorabiatuta nago! Bai zorte txarra nirea, Jupiterren goroldio, Neptunon gorosti edo Saturnon gorotz jaio ordez, non eta Lurrean jaio, zer eta kontsumitzaile, gainera! Zer egin nuen fetu garaian hemen eta honelakoa jaiotzeko! Gogoak hartzen nau sarri metropolia utzita polo-aldeetara abiatzeko ganora eske, hemengo askoren hitzei darien kiratsak sudurrak aspertuko ez dizkidalakoan. Baina ez dakit, polo-aldeotan dago hain justu Lurra zapalduta! Dudan nago, ganora eske zapaldua den lekura joatea ere! Baina ganora behar dut, bestela ganorabako hutsa naiz, eta Lurrak jada langa guztiak ditu gaindituta ganoragabekerian; tira!, Lurrak ez, lurtarrek. Kyotoko protokoloa erreferente hartuta, ganorabakoen emisio-eskubideak salgai jarriko omen dituzte laster, ganorabakoak sobera dituen herrialdeak falta dituenari hainbesteko kupoa erosteko. Portzierto, gaiez aldatuta, baina Lurretik atera barik, egia ote da Al Qaedak erabiltzen omen zuen Saudi Arabiako soto bateko armairuko tiraderan hemengo abiadura handiko trenaren afixa zegoela? E? Tira, harira! beheko Estatuan tradizio bihurtzen ari da agintari ez direnak aginduak ematen aritzea. Otsail hartako jesarri zaitezte, koino! hark azaro honetako ixildu zaitez! ekarri du; alde bakarra zera, oraingoan koino! falta izan dela. Zer lotsa horien iparreko Estatuan bizi behar izatea!

Egunotan entzun dudanez, txinatar batzuk hemengo futbol talde baten akzioak erosi nahian dabiltza. Ene, ene! nire amamaren aitaginarrebak zer pentsatuko zuen gaur kiroletan ere akzioak direla jakingo balu! Ekintzak baino ezagutzen ez zituen eta akzio bihurtuta ikusiko zuen gaur! Ekonomia diote, ekonomistek behintzat. Txinatarrak hona eta euskaldunak hara, globoa globo. Hara joanak dira hemengoak industrialdeak zabaltzeko, batzoki moduko baserria erdigunean, biltoki modukoa esan gura dut. Leku bateko lehengaia, biderik bide garraiagai, beste leku batean salgai bihurtzeko. Imajinatzen nago urte gutxi barruko argazkia, Shanghai inguruko auzoetako dendari txinatarrak kalean protestaka, auzootako dendari euskaldunek egunean hogeita lau orduz, astean zazpi egunez, zabalik dutelako denda, eta jatetxea, jakina! Eta hemen bideak hostoz beteta, baina bide-orririk ez. Udazkena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo