GARA > Idatzia > Herri-kirolak

21 urte besterik ez izan arren, Aimar irigoien harri handien eta txikien errege bihurtu da

Aimar Irigoienengan zaleek beti izan dute itxaropena, eta bera ere ari da aurreikuspenak betetzen, nahiz eta oraindik 21 urte besterik ez dituen. Marka handiak jarrita ditu jadanik, eta txapelketa ofizialetan, eta torneoetan nagusi izan da. Aurtengoan, dena irabazi du.

p050_f01_358x144.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoienen izena ezagutzen ez duen gutxi egongo da gaur egun, harri-jasotzea jarraitzen ez dutenen artean ere. Errezildarra kirol honetako izar nagusi bihurtu da. 21 urte besterik ez ditu, baina kirol honetako protagonista nagusi bihurtua dugu dagoeneko. Aurten harri handien eta txikien Euskal Herirko txapelak irabazi ditu, baita Gipuzkoakoa ere, eta parte hartu duen lehiaketa guztietan izan da onena.

Jendeak estimu handitan dauka, bai herrian, baita handik kanpo ere, edonora doalarik ere, beti bere onena erakusten baitu. Aimar nora joan, hango plaza bete. Herrikoek ere ez daukate estimu makalean, izan ere, bera joaten den plazarik gehienetan, errezildar asko izaten dira bera ikusi eta animatzeko asmoz.

Errezilgo harrijasotzaileak txiki-txikitatik bizi izan du kirol hau. «Aitona harri-jasotzailea zen, eta etxean aizkoraren eta harri-jasotzearen berri, beti izan dut. Niri harri-jasotzea gustatu zitzaidan. Jolas bezala hasi zen, baina orain oso garrantzitsua da nire bizitzan», dio Aimarrek.

Lehen erakustaldia lau urterekin egin omen zuen, eta handik urtebetera, marka saiakera bat ere egin nahi izan zuen 25 kilokoarekin, baina ez zioten baimenik eman, eta ezin izan zuen egin, nahiz eta lekua eta ordua zehaztuta zeuden.

Aimarrek etxean ere laguntza handia jaso zuen hastapenetik, eta baita orain ere, hori ez du ahazten: «Etxean beti lagundu izan didate, eta orain ere bai. Nire osabarekin egiten dut lan, baina atzetik asko bultzatzen didate, eta martxoaz geroztik, harri-jasotzeko gehiago nago beste ezertarako baino», dio. Hala ere, une honetan, harriak jasotzetik bakarrik bizitzea ezinezkoa dela onartzen du: «Hori niri izugarri gustatuko litzaidake, baina gaur egun ezinezkoa da, honetaz gain beste lanen bat ere izan behar da».

Aimarrek 21 urte besterik ez ditu, baina dena lortu du, denen ahotan dabil, egiten dituenak latzak baitira, gutxiren esku daudeberak lortu dituenak; gainera, bere adina ikusita, oraindik lortzeko asko falta zaiola esan daiteke: «Egia esan, bageneukan gauzak ongi egiten ari ote ginen errezeloa, baina ez dakizu emaitzak noiz helduko diren. Niri 21 urterekin heldu zaizkit, eta oso gustura nago. Hala ere, aurrera jarraitu behar da», esaten du.

Irigoien markak egiten hasi zen, eta bere aurretik, Inaxio Perurenak zituen mordo bat apurtu zituen, eta beste inork ez zituen batzuk ere jarri zituen. Hasiera haietan, ordea, Aimar eta Inaxio ziren jendearen ahotan zebiltzan bi gazteak. Gaur egun, ordea, bakoitzak bere bidea hartu du: «Bai, nik txapelketak eta marka batzuk ditut buruan; berak, berriz, harri handiak jasotzea. Biok oso ezberdinak gara. Altuera, gorpuzkera, oso ezberdinak ditugu, eta bakoitza norberari egokien zaizkion baldintzetara moldatu gara», esan du errezildar gazteak.

Gauza asko irabazi dituen arren, burua bere lekuan dauka, eta jendeari errespetua zor zaiola dio: «Jendeak ematen dizuna ikaragarri da, eta errespetu handia zor zaio. Plazara joandakoan, ahalik eta lanik gehien eta ongien egiten saiatu behar duzu. Zaleak dena ematen dizu, eta zuk zeure modura eskertu egin behar diozu, plazan ahalik eta gehien eginez», deritzo.

Errezildarrak parrandazale fama ere izan du, baina garbi dago duen adinarekin lortu duen guztia lortu ahal izateko, lan asko egin duela: «Niri parranda gustatzen zait, eta handiak egindakoa ere banaiz, baina gero lana egin behar denean saiatu eta sufritzen ere jakin izan dut. Zabiltzan lekuan behar bezala ibiltzen baldin badakizu, ez dut uste arazorik dagoenik», esan du. Lagunak parrandara joan, eta berak etxean geratu behar izaten zuenean ere, ez omen zuen gehiegi sufritzen: «Badakizu, hor 15 edo 16 urterekin besteak badoaz, eta zuk, berriz, etxean geratu behar, ez da erreza, baina ez nuen gehiegi sufritu, azkenean egiten nuena gustatu egiten baitzitzaidan», onartu du.

Hala ere, momentu txarrak ere bizi izan dituela baieztatu du: «Kirol hau ez da talde kirola, eta horrek ez du errazten. Askotan bakarrik ari zara, zeu eta harriak jartzen ari zaizun pertsona, ez dago beste inor, eta entrenamendua egin behar duzu. Batzuetan ez zen samurra izaten, eta behin baino gehiagotan pentsatzen nuen ea merezi ote zuen, baina gero, plazara joan eta emaitzak ikusitakoan, konturatzen nintzen, baietz», adierazi du Aimarrek.

Bultzada

Aurrez aipatu bezala, Irigoienek laguntza handia jaso du etxean, eta denen artean bat nabarmendu behar bada, hori, zalantzarik gabe, aita izan da. Beti izan du alboan, bai lehiaketetan, marka saiakeretan, erakustaldietan, edo entrenamenduetan, beti berarekin zen, baina orain dela bi urte zendu zen bihotzekoak jota. Kolpe gogorra izan zen Aimarrentzat, baina, aldi berean, aurrera egiteko indarra ere jaso omen zuen: «Une latzak izan ziren, honelakoak gertatzen direnean, ez da erraza aurrera egitea, baina nire kasuan indarra eman zidan. Kanpotik entzuten nuen, bukatua zela Aimarren ibilbidea, ez nuela gehiago besterik egingo... Honelakoak entzundakoan, neure buruari aurrera egin behar nuela esaten nion, gogor ekin behar niola, eta horixe egin nuen, eta gauzak ongi doazkidala esan behar dut», baieztatu du.

Izan ere, Aimarrek duen onena ematen du plazan, beti hazi egiten da, eta bera ikustera doazen zaleek ere berarengandik beti espero dute zerbait, inork ez du uste huts egingo duenik: «Uste dut marka saiakera batean egin dudala huts, gainerakoetan beti helburuak bete izan ditut, eta, uste dut, zaleek hori eskertzen badakitela», esan du harri-jasotzaile gazteak.

Aimarrek txikitatik bizi du kirol hau, baina ez omen du erreferentzia garbirik izan: «Hau ez da beste kirol asko bezalakoa. Hemen harriak pisu oso ezberdinekoak eta molde ezberdinekoak dira, eta bakoitzarekin bat izan daiteke zure gustukoa; ez da erraza esatea zein izan den nire erreferentzia, baina gustatu zaizkidan, eta oraindik gustatzen zaizkidan harri-jasotzaile asko daude».

Kirol honek duen etorkizunari buruz galdetuta, nahiko itxaropentsu agertu da: «Harri txikiekin uste dut jende mordo bat badagoela ongi ibiltzeko. Arazoa, harri handiekin dago. Azkeneko txapelketan bi bakarrik ginen, eta hori penagarria da, baina uste dut nahiko itxaropentsu izan gaitezkeela».

Aipatu gabe ezin da utzi Otaegiren izena. Aizarnako 14 urteko mutikoa lan bikainak egiten ari da, eta askok ikusten dute beregan beste Irigoien bat: «Konparazioak ezin dira alde batetara utzi, onartu behar dira. Niri gustatuko litzaidake aurkari handi bat izatea; gainera, ezaguna da, eta poztuko nintzateke. Uste dut lan handiak egiten ari dela bere adinerako. Maisua ere ezin hobea dauka, Izetarekin ari baita. Hala ere, nik lasai ibiltzeko esango nioke, presarik gabe, eta lanean gogor jarraitzen baldin badu, helduko zaizkio emaitzak», esan du.

Aimarrek gauza asko lortu arren, oraindik lortzeko ere asko omen dauzka, eta aurrera begira ere, gogoz dago.

Errezildarrak Goenatxoren marka hobetu nahi du

Aimar Irigoien sasoi betean dago, eta unea aprobetxatu nahi du markak apurtzen jarraitzeko. Hurrengorako eguna jarrita dauka, abenduaren 16an izango baita. Lekua erabakitzeko dago, baina seguru asko Zizurkilen izango da.

Helburua, 152 kiloko kubikoari Goenatxok emanda dituen 16 jasoaldiak baino gehiago ematea, hiru minututan, hain zuzen ere. Aimarrek 150ekoari 16 jasoaldi eman zizkion, baina txapelketan izan zen. Oraingoan, marka saiakera horixe egitera jango da. Lortzen baldin badu, sekulako denboraldia izango da berarentzat, gauza asko lortu baititu. Marka dagoen bezala geratzen baldin bada ere, errezildarrari inork ezingo dio aitzakiarik jarri, orain arte lortutakoa ere ez baita txantxetakoa. Hala ere, abenduaren 16an inork gutxik galdu nahiko du Irigoienen ahalegina. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo