GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Juniorren Euskal Herriko finala

Erasunek kontuan hartu beharrekoa dela erakutsi du

Iturengo 17 urteko aizkolari gatzeak jantzi du txapela, eta maila oso ona eman du, gainera. Aurten, Nafarroako Hirugarren Mailakoa ere irabazi du

p048_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONEZTEBE

Ander Ersunek irabazi zuen herenegun Donezteben gazte mailako Euskal Herriko txapela. Iturengo aizkolari gaztearengan esperantza handiak daude jarrita, eta atzo 17 urteko gazte honek maila bikaina erakutsi zuen.

Sei aizkolari ziren lehian, eta bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko moztu behar zituzten. Erasun eta Kañamares III.a ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, beraien artean izan baitzen txapela.

Lehen enborretik hartu zuten aurrea bi aizkolariek, eta Olano izan zen beraiekin lehian aritzeko prest agertu zen bestea. Leitzarra, ordea, atzera utzi zuten, eta txapela bi faboritoen artean geratu zen. Azkenik, Iturengoak bere maisutasuna erakutsi, eta txapela jantzi ahal izan zuen.

Bigarren izan zen Kañamares, eta honek ere, ezin esan lan txarrik egin zuenik. Olanok hasieran egindako lanaren ordaina jaso zuen, eta azkenean ezin izan zion hirugarren postuari eutsi. Saralegik, Nartxi Saralegiren 16 urteko semeak, aurrea hartu baitzion. Azkeneko bi postuetan, bi gipuzkoarrak izan ziren: Alkizalete II.a eta Elorriaga II.a. Azken hau, Elorriagaren semea da, eta lehen aldiz izan zen plazan Donezteben.

Finaleko protagonista nagusia Erasun izan zen, eta aurtengo urteari amaiera ezin hobea eman zion. Nafarroako Hirugarren Mailako txapela irabazita dago aurten, eta baita gazte mailako Euskal Herrikoa ere. Iaz Atutxa II.ak irabazi zuen lehiaketa hau, eta haren denbora 16.47 izan zen. Beraz, aurtengo finalean denek egin dute denbora hobea.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo