GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Jon Martinek gorde du dagoeneko ilunbeko finalisten aulkietako bat

Txapelketa beroa eta jendetsua izaten ari da eta, pentsatzekoa zen, finalaurrekoak hastearekin batera gehiago berotuko zela. eskoriatzan atzo jokatutako lehenengoa ez zen, bada, bero horietakoa izan, nahiz eta jendetsua izan zen. egia da kaleko hotzak ez zuela laguntzen, baina epelxeagoa espero zen.

p056_f01.jpg

Hotza, hotza eta hotza kanpoan. Barruan, Eskoriatzako udal kiroldegiko aulki guztiak hartuta. 1.000 lagundik gora. Oholtza gainean, Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Jon Martin.

Saioa epeletik joan zen, erabat berotu gabe eta goia jo gabe. Izan zituen distira mementoak, baina espero baino gutxiago izan ziren.

Zortziko handiko ariketa besterik gabe pasatu zen, akats nabarmenik gabe, baina lehertu gabe. Zortziko txikikoa Unai Agirrek eta Uxue Alberdik hasi zuten eta hor hasi ziren sumatzen lehen distira puntuak. Bikote baten paperean jarri zituen gai-jartzaileak. Uxue, begetarianoa da eta Unai, begetariano egin da horregatik. Hilabete pasatu da eta Unaik ezin du gehiago. Agirreren lehen bertsoa ederra izan zen: «Haragia kanpora ta berdura arau/ neri iruditzen zait ia-ia barau/ luze segi ezkero gure joera hau/ osasunak ez baino tristurak hilko nau». Alberdi ere ondo aritu zen. Oro har, elgoibartarrak oso saio polita egin zuen, ideia onak eta ondo josiak bota zituen, eta nahiko erraz aritu zen. Beñat Gaztelumendik eta Jon Martinek ere ondo josi zuten zortziko txikikoa.

Puntuka eta bikoteka zortzi bertso josi beharreko ariketa nahiko ondo osatu zuten hiru bikoteek. Alberdi eta Agirreazaldegi hasi ziren eta sekula ariketa hori egin gabeak baziren ere, nahiko ondo aritu ziren. Unai Agirrek eta Beñat Gaztelumendik ere jolas polita egin zuten eta Añorgako gazteak ateraldi ederrak izan zituen. Oro har, ondo hartu zion tamaina oholtzari Gaztelumendik eta txalo dezente irabazi zituen.

Jon Martinek eta Jexux Mari Irazuk daukaten eskarmentua ederki erakutsi zuten puntukako ariketa horretan, Irazuk bereziki.

Sei puntuko motzean, Ainhoa Agirreazaldegi eta Unai Agirre aritu ziren elkarrekin bertsotan. Prostituta etxe batean elkartutako hemezortzi urteko bi gazteren azalean kantatu zuten. Agirreazaldegik, prostituraren azalean eta, Agirrek, bezeroaren paperean.

«Ilundu zaigu eguna/ zu hemen zatoz zer suma/ haragizkoa egin nahi duzu zure erresuma/ nahi zenuke maitasuna/ nahi duzu goxotasuna/ ziur al zaude ni neu naizela zuk behar duzuna», hasi zen Agirreazaldegi. Eta, Agirrek, jarraitu: «Ez nator guztiz pozean/ pentsatu det honuntzean/ beste inortxo nola ez daukadan etorri ezean/ bota modu hotz-hotzean eta mingain zorrotzean/ zuk sakelean dezu zuloa ta nik bihotzean».

Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu elkarrekin aritu ziren sei puntuko motzean eta Gaztelumendik lehen bi bertsoak ederki josi zituen. Irazu txukun aritu zen, ideia onekin, baina jostean goia jo gabe. Parkean elkartutako bi lagunen paperean aritu ziren. Gaztelumendi, semea ume kotxean zeramala eta Irazu, aita gurpil aulkian zeramala. «Berdin-berdin da izena/ aulki edo kotxearena/ gurpilak bueltan jarraitzea da ajola duena», bukatu zuen Añorgako gazteak lehena. Eta, hauxe, bere bigarrena: «hizketan ideiak lepo/ eta begira parkeko/ zuhaitzak daude bilutsik lurra alfonbra antzeko/ aukera degu konpleto/ hostoetan ikusteko/ zaharrek erori behar dutela berriak sortzeko».

Jon Martinek eta Uxue Alberdik ere ondo pasatu zuten seiko motzekoa.

Kartzelakoa etorri zen azkenean. Horretan ere, ez zen erabat lehertu. Ale ederrak joan ziren, baina akaso, ez zen ariketa biribil- biribil horietakorik izan. Hauxe zuten gaia: Epaitegiko gela utzi berri duzu. Sei bertsolariek kartzelara zeramaten epaituaren azalean sartu ziren.

Desberdinena, Uxue Alberdiren ideia izan zen. Etxegile baten azalean sartu zen. Bere eraikuntza lanetan beharrezko segurtasun neurriak bete ez, eta langile baten heriotzagatik epailearen aurrera joandako etxegilearen azalean. Gaurkotasun handiko gaia aukeratu zuen Alberdik. «Konstruktorako jabea naiz ni ez dut mila lagun hurko/ ta segurtasun arau batzuei behin egin nienez uko/ makina batek langile xume bat hartu zuen gertuko/ langile horri lehertu zizkion kanpoko eta barruko/ epaitegia utzi berri dut hau ez dut inoiz ahaztuko/ nire barruak ta epaileak ez didate barkatuko», bota zuen lehena.

Jon Martinek kale indarkeriagatik epaitutako gazte baten aldeko aukera egin zuen eta lan txukuna osatu zuen kartzelakoan. Azkenean, berarentzat izan zen puntu gehien. 497,5 punturekin lehen postua eta Ilunbeko finalerako tokia lortu zuen oiartzuarrak. Irazu izan bigarrena, 496 punturekin. Unai Agirrek 492,5 lortu zituen; Beñat Gaztelumendik, 488,5; Uxue Alberdik, 484; eta Ainhoa Agirreazaldegik, 443,5.

Amagoia MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo