GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Indar erakustaldiko astea

Ez omen da dirurik zahartzaroaren ordaintzeko, ez dago dirurik osasunarentzat, ez dago dirurik hezkuntzarako. Alta, zergak ez dira txikitzen

Ez dira garai hoberenak, ez dira, protestak, eskubideen defentsarako ekintzak defenditzen dituzten uneak. Aitzitik, protesten salatzeko, gutxiesteko jarrerak hedatzen eta ugaltzen ari dira. Bagenekien abertzaleok antolatzen ditugun manifestaldi edo elkarretaratzeen pixkanaka baztertzeko eta estaltzeko ahaleginak egiten zirela. Baina gaur egun hunkitzen direnak grebalariak dira. Trenbideetako eta garraio publikoetako langileek indar harremana gogortzea erabaki baitute, zahartzaroko bizi baldintzak okertu nahi dizkietelako. Ez omen da dirurik zahartzaroaren ordaintzeko, ez dago dirurik osasunarentzat, ez dago dirurik hezkuntzarako. Alta, zergak ez dira txikitzen, produkto bakoitzarentzat estatuak jasotzen duen zerga ordaintzen dugu, ogia erosten dugularik ere. Nora doa dirutza guzti hori? Kutxa batzuk husten direlarik, beste batzuk ez dirudite hala.

Liberalismoak bere etekinak biltzen hasia da eta orai guzti hori irentsi eta legeztatzeko unean gaude. Zalantza sortzeko bideak zabaldu dituzte, borrokarako prest daudenei haien helburuak ez direla zuzenak sinestarazi behar diete eta ez badute ulertzen, iritzi publikoa aurka jarri behar da. Berri saioak telebistan tribunak bihurtu dira. Milioka jende begiratzen dituenez, hautatutako aurkezle egoki eta zintzoak, Gobernuko afari eta ospakizunetan gomitatuko dituztenak lanean jarri dira eta jo ta ke, erreportarien laguntzaz, grebalarien helburuak bidegabekeria hutsak direla plazaratzen ari dira.

Ikasleen kasuan, haien arteko enfrentamenduaren sortzea da helburua. Blokatzearen alde daudenak kontra direnen aurka. Ez dute abantzu legea aipatzen. Ondorioz, Polizia ikasleen aurka igorri dituztelarik, aise lortu dute aginduaren betetzea. Banaka banaka okupatuak diren unibertsitateak husten dituzte, klaseak lasaitasunean jarrai ditzaten benetan ikasi nahi duten ikasleek. Zintzoa zein den erraten digutelarik, noski! Ez dute erreportaia berezirik egiten unibertsitateetan indartzen ari diren eskuin muturreko taldeez, Baionan gertatzen ari den bezala. Sarkozyren sistima bikaina jarri da martxan, inguratua da eta kate luze batek harek agindutako politika praktikan ematen ari da. Oinarria komunikabideak. Ederki erantzuten ari dira. Baina, bestaldetik polizia eta justizia lerroan ari dira ematen eraginkortasun osoz.

Hau dugu ikusi, unibertsitateak hustu dituztelarik, eta hiru taberna, herrikoiak bisitatu dituztelarik, trankil. Bezperatik sumatzen ahal zen prestakuntzetan ari zirela, polizia taldeak turismoa egiten karriketan eta, zergatik ez, pote bat hartzen miatuko zuten tabernan. Zergatik gorde behar lirateke eskubide guziak dituztelarik, aurrean dituztenak ez direlarik mugitzen ahal, hemen abertzale kutsua duen guztia mikroskopioarekin zaindua dutelarik? Haatik, erakutsi behar digute nork manatzen duen; hala eta guztiz ere, ez dutela arazorik herri erdien okupatzeko. Ziburu erdian, eguerditan Polizia gehiago zegoen biztanlego baino. Hori erakutsi digute, indarra eta legea alde dutela, menpekotasunean atxikiko gaituztela. Frantses alderdi politikoek zerbait erran al dute indar erakustaldi horren aintzinean?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo