Maite Ubiria Periodista
Lehia ez da amaitu
Pirinioaren hatsa entzun da. Ozen eta garden mintzo dira eztulka ziren haranak, berriz ere arnasa lasaiki hartzen dutela. Uxatu dira, behingoz, herrien arteko bideak hondakin ugariz eta betunez betetzeko egitasmoak. Baina azken hamar urteotan gezurrez gezur ari direnei, nola sinestatu berri onak dakarzkigutela oraingo honetan? Nola barneratu, lehenengo eta behin, errepide azkarra geratzeko emandako arrazoi nagusia? Grenelle famatuan mundua salbatzeko formulak eztabaidatu berri direla badakigu. Bertan antzineraturiko konpromisoek onura besterik ez digutela ekarriko erran digute. Trenari bai, errepideari stop. Finean, jasangarritasunaren erlijio moderno honetan asmo anitz eta ekintza gutxi sumatzen dugunok, pozik izan beharko genuke. Lasserre jaunak dixit. Parisko Gobernuak laguntzarik emango ez dionez, ez da 2x2 autobidea izanen. Hara! ez al zen hau Departamendua eta Iruñeko Gobernuaren arteko negozioa? Ez al dira bi erakunde horien ordezkari su eta ke ikusi ditugunak mendi autobidearen beharra aldarrikatzen? Ez al da Pirinioko bi aldeetako herritarren paltrikarik atera egitasmoari buruzko ikerketak egiteko alferrik gastatutako diru mordoa?
Paristik begiratuta Pirinioa oso urrun dagoela uste omen du Brisson jaunak. Eta herrialde honetatik begiratuta, Paris inoiz ez dagoela behar bezain urrun gehituko genuke askok. Baina, tira, «gertuko arrazoiari» lehentasuna emateko orduan, Brissonekin bat natorrela aitortu behar dut. Herritar eta boterearen arteko lehia aintzat izan gabe ezin da auzia azaldu, txikitasunetatik abiatutako Leia elkartea herritarrek hauspotu baitute. Horra hor eginiko manifestazioak, herri hautetsien sostengua eta arduradun politikoen gaineko pressinga. Herri borroka desitxuratzera jokatzen duten itxurazko aurrerakoiek nola azalduko lukete 2x2 auzian gertatu dena?
Hobe, ordea, zuhurtziaz jokatzea. Ez da berdin hauteskundeak hurbil direnean esaten dena, eta oso bestelakoak bozak lortu ondoren egiten dena. Pirinioek bizirik irauteko herritarrek daramaten borroka ez da inondik inora amaitu.