GARA > Idatzia > Futbola

«Ametsik handiena bete dut Andorrako selekzioarekin jokatuz»

p042_f01.jpg

Koldo ALVAREZ DE EULATE

futbolaria

Koldok ez zuen pentsatu ere egingo Gasteizen, bere herrian, futbolean jokatzen hasi zenean, Andorrako selekzioko atezain bihurtuko zenik, baina bizitza horrelakoxea da. Andorra CF taldera heldu zen, bere herrialdeko Ligan ari ez den talde bakarrera. Bertara joan, neska bat ezagutu eta ezkondu egin zen. Andorrako naziotasuna hartu zuen, eta sortu zenetik, herrialde horretako selekzioko atezain titularra da.

Jon LEUNDA |

Koldo etorkizun handiko atezaina zen Gasteizko Aurreran ari zenean. Handik, Atletico Madrilera joan zen, eta gero Toledora eta Salamancara. Handik Andorra CF taldera joan zen, eta hortik aurrera Andorran egin du bizitza, baita hango naziotasuna hartu ere. 70 partidatik gora jokatu ditu Andorrako selekzioarekin, 37 urte bete berri dituen atezain honek.

Zer egiten du euskaldun batek Andorrako selekzioan?

Beno, ni Andorra taldera etorri nintzen, euskaldun dezente ginen orduan ekipo hartan. Talde hau Espainiako Ligako Bigarren B Mailan zegoen, Bigarren Mailara igotzeko helburuarekin. Ni denboraldi baterako etorri nintzen, baina hemen sinatu nuen nire bizitzako kontraturik onena eta ederrena. Hemengo neska bat ezagutu eta ezkondu egin nintzen. Gero, herrialde honetako naziotasuna hartzeko aukera izan nuen, eta ez nuen zalantzarik izan. Andorrako selekzioa sortu zenean, bertan jokatzen hasteko aukera izan nuen, eta plazer bat izan da. Nire bizitzako ametsa bete dut, telebistako izar handien aurka jokatzeko parada eman dit, eta hori ez dago hitzez adierazterik.

Zu ez zara selekzioan ari den euskaldun bakarra ezta?

Ez, Txema eta Justo Ruiz ere ari dira; beraiei ere nire antzera gertatu zaie. Justok, jadanik 38 urte ditu, eta selekzioa uztekoa da. Gaur Eurokopako sailkapen faseko azken partida dugu Errusiaren aurka, eta Justo Ruizek azkeneko neurketa du.

Ez da erraza izango Andorrako selekzioko atezaina izatea ezta?

Ez, badakizu, aurrean zer-nolako taldeak dituzun, eta badakizu haien aurka irabaztea ezinezkoa dela, baina merezi du, nazioarteko partida bat jokatzea oso berezia da, bizitzako gauzarik ederrenetakoa izan da Andorrako selekzioarekin jokatzea.

Zer nolako helburuekin zelairatzen zarete?

Beno, multzoan, beti izaten da gure moduko beste talderen bat, eta haien aurka ahalik eta punturik gehien lortzea izaten da helburua. Besteen aurka ahalik eta golik gutxien jasotzen saiatzen gara. Atsedenera hutsean heltzen baldin bagara, guretzat kristorena da. Andorra herrialde txiki-txiki bat da, eta begira zer- nolako herrialdeen aurka ari garen jokatzen.

Selekzio handi horiek aspaldian esan eta esan ari dira zuen gisako selekzio txikien aurka jokatzea denbora galtzea dela, zuek zeuen modukoekin jokatu behar duzuela. Zuk zer esango zenieke?

Hori betikoa da. Emaitza ona behar dutenean, gure gisako selekzioen aurka jokatzea garrantzitsua da, han egon baitaiteke sailkapenerako giltza. Ez badute irabazten, edo ez badituzte espero bezainbeste gol sartzen, orduan sobera gaude, guk ostikoak bakarrik ematen omen ditugulako; baina hemen denok bizi behar dugu, eta denentzat dago lekua.

Begira, Frantziak azkeneko Mundiala irabazi ostean jokatu zuen lehen partida ofiziala, gure aurka izan zen, Parisen, Saint Denisen. 80.000 ikusle zeuden, gol festa ikusteko asmoarekin, baina bigarren zatiaren erdian, 0-0 ari ginen; han zeuden aurpegiak ikustekoak ziren! Azkenean, 2-0 galdu genuen, baina irabazitako partida bat bezalakoa izan zen guretzat.

Gaur amaituko den Eurokopako sailkapen fasean, partida guztiak galdu dituzue. Zer gertatu da?

Estonia zen gure tamainako aurkaria, eta bagenuen partidaren bat irabazteko itxaropena. Han jokatu genuenean, berdinduta ginen, baina arauzko denboratik kanpo sartu ziguten gola. Etxean, larunbatean jokatu genuen, partida txarra egin genuen eta 0-2 galdu genuen. Mundialeko sailkapen fasean, esaterako, Mazedoniarekin lau puntu atera genituen, bat irabazi eta bestea berdindu egin genuen; hura sekulakoa izan zen.

Nola bizi du futbola Andorrako jendeak?

Hemen jendeak futbola oso gustukoa du, baina kanpoko Ligak. Espainiakoa, esaterako, bertako bezala bizi da. Hemen Portugalgo jende asko bizi da, eta hango liga ere biziki jarraitzen dute. Selekzioak ere kanpokoak gehiago bizi dituzte bertakoak baino. Joan den larunbatean, esaterako, 150 lagun etorri ziren Estoniatik, eta gure aldekoak ere beste horrenbeste izango ziren. Selekzio handiak etortzen direnean, beraiek ekartzen dituzte zale asko, eta gure zelaian sartu ezin direnez, Kataluniara joan behar izaten dugu jokatzera.

Eta horko futbola, nola dago?

Azkeneko zazpi urte hauetan asko igo da, bai selekzioaren maila, baita hemengo Liga ere. Kanpoko jende asko etorri da, eta Ligak indar handia hartu du. Gure selekzioko jokalari asko Espainian ari dira jokatzen, eta bakarren bat Italian ere bai. Gazteak ere onak badira, oso gazterik eramaten dituzte kanpora; etorkizunerako, hori ona da, eta itxaropentsu izan behar dugu.

Zu Andorra Club de Futbol taldean ari zara jokatzen. Espainiako Ligan ari den herrialdeko talde bakarra da. Une honetan, ordea, Erregionalean zaudete, eta ez al da arraroa Andorrako Ligan ez aritzea?

Kanpotik horrela eman lezake, baina honek badu argibidea. Lehen ere Andorra taldea zuzentzen izan zen jende diruduna, eta Bigarren Mailatik oso gertu izan ginen.

Dirua amaitu zenean, beherantz egin zuen taldeak, eta orain erregionalean gaude. Hala ere, Espainiako Ligan jarraitu behar da, futbola dagoen moduan, ez litzateke arraroa izango, norbait etorri, dirua jarri, eta taldea gora eramatea; hori herrialde honentzat garrantzitsua izango litzateke.

Europako sailkapen fasea amaitzekotan da, baina irailean Mundialetako sailkapen fasea hasiko da. Koldok selekzioan jarraituko al du?

Ez dakit, 37 urte ditut, eta ez dakit datorren urtean jarraituko dudan edo ez. Hasteko, gaurko partida jokatuko dut, eta denboraldi honetako lagunartekoak ere bai. Gero ikusiko dut hurrengo urtean zer egin.

Hortik, nola ikusten duzu euskal selekzioaren egoera?

Zaila da. Niri sekulako ilusioa eta poza emango lidake Euskal Herriko selekzioa Mundial bat jokatzen ikustea, baina gauzak nola dauden ikusita, ez dut oso erraz ikusten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo