GARA > Idatzia > Euskal Herria

Unibertsitateetan EHNArekin bozkatzeko eskaera egin dute

Bihar UPV-EHUn egingo diren hauteskundeetan «Euskal ikasle moduan» ENHA eskuan hartuta bozkatzeko eskaera egin dute Bai Euskal Herriari ekimenak eta Gobernu Kontseiluko ordezkariek.

p019_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

Bihar egingo dira UPV-EHUn Klaustrorako eta fakultateetako batzar eta ikasle kontseiluetarako hauteskundeak; aurreko urtean bezala, EHNArekin boza emateko deia egin zuten atzo Bai Euskal Herriari ekimenak eta ikasleen ordezkariek. Eskaera bera izan zen oraindik ere data zehazteko duten NUPeko hauteskundeetarako ere.

Agerraldian izan ziren Bai Euskal Herriari ekimeneko eledun Mikel Luloaga, UPV-EHUko gobernu kontseiluko kideak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako campusetatik, Unai Garcia, Leire Ortega eta Maialen Etxeberria, hurrenez hurren, eta UPV-EHUko ikasle kontseiluko lehendakari Asier Lauzirika.

Ikasleen izenean mintzatu zen Maialen Etxeberriak pasa den urteko UPV-EHUko hauteskundeetan egin zuten eskaerak etekina eman zuela gogora ekarri zuen: «Campus guztietan lortu zen EHNArekin euskal ikasle moduan boza ematea». NUPen hauteskunderik ez zen egin iaz eta, hori hala, aurten lehendabizikoz egin diete deia unibertsitate horretan ikasten ari direnei.

Etxeberriaren esanetan, ikasleen eskubideen defentsa esparru hauetatik ere garatzea premiazkoa da eta, beraz, berebizi- kotzat jo zuen bihar «euskal ikasleon hitza agertzea». «Euskal ikasleak gara, ez gara espainolak, ez eta frantsesak ere; horregatik deia egiten dugu, euskal ikasle moduan, EHNA erabiliz boza ematera», bultzatu zituen ikasleak.

Bai Euskal Herriari ekimeneko eledunak ikasleek emandako pausoa garrantzitsua dela nabarmendu zuen: «Batetik, Euskal Herriaren aitortza bere egin dutelako; eta bestetik, Euskal Herriaren onarpena lortze aldera pauso praktikoak emateko erabakia hartu dutelako».

Mikel Luloagak azaldutakoaren arabera, naziotasunaren esparruan erasoak ugaritzen ari dira, eta zentzu horretan, EHNArekin boza emanez «egun dagoen ukazio estrukturalari erantzuna eman nahi zaio».

Positibotzat jo zuen iaz UPV-EHUn bozkatzean EHNA onartua izana, «behintzat, hauteskundeetan, euskal ikasle mo- duan onartuak izatea lortu» dutelako. Hurrengo urratsa lorpen hau NUPera zabaltzea dela jakinarazi zuen, eta bide hori «edonork aurreikus lezakeen bezala, ez da laua izango», gaineratu zuen. Izan ere, Luloagak salatu zuenez, «Nafarroako Gobernuak eta eskutik darabilen NUPek berebiziko saiakerak egin ohi dituzte Euskal Herriaren izatea ukatzeko eta ezabatzeko». Hori dela-eta, heldutasuna eskatu zion ekainaz geroztik NUPeko errektore berri den Julio Lafuenteri, «ohitura eta ildo zaharrak albo batera utzi, eta euskal nortasuna eta identitatea onartuak eta errespetatuak» izan daitezen.

Bestalde, Luloagak unibertsitateek euskal ikasleen beharrei ez dietela erantzuten kritikatu zuen. «Euskal ikasleriak Euskal Herrian ikasteko duen ezinta- suna gero eta nabarmenagoa da, zatiketa administratiboaren eraginez». Horren adibide jarri zituen Ipar Euskal Herriko ikasleak; izan ere, hotietako askok beren ikasketak egiteko Euskal Herritik kanpo joan behar izaten dutela gogora ekarri zuen. Bere iritziz, hori euskal nazio ukatuaren adibide bat gehiago da, eta agerian uzten du «hezkuntza sistema nazional baten premia» dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo