Aitor Sarasua Euskal Herriko harrera familien izenean
Euskal Herritik Darfurreko umezurtzei buruz
Txaden preso diren Zoeren Kutxako ekintzaileen aferak eta haurren egoerak gaurkotasun dena galdu aitzin argibide batzuk eman nahi ditugu.
Darfurreko gerlatik 103 haur umezurtz atera nahi izan ditu Zoeren Ontzia izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE), boluntarioz bakarrik osatua den erakundeak. Darfurreko infernutik atera nahi izan ditu, ez gu zurion irizpideak inposatzeagatik, hiltzen ari zirelako eta berehalako neurriak hartu beharra ikusi zuelako, bertan artatzeko ezintasunaren aitzinean. Frantziako estatu osoan haur horiek etxean hartzeko prest familia multzo handi bat zegoen, hainbat bilkuretan prestatua, etengabe informatua eta elkarte batean (Cofod) koordinatua. Euskal Herriko familia batzuk horien artean, eta familia hauek gara sostengu gutun hau sinatzen dugunak.
Saiakera hau ekintza humanitario garbi bat izan da, haur umezurtzak heriotza krudel egoeratik atera nahi izan dituena, beren arduradunen eskariz, hemengo etxeetan artatzeko eta askatasunezko bizitza baten parada emateko. Zergatik zikindu da horrela beraz, ekimen hau, bai gobernuen, hedabideen eta zenbait GKE handirengandik?
Injustizia iraunarazteko estatuen interesak eta konplizitateak agerian uzten dituelako, eta zenbait GKEren estatuekiko morrontza eta legeak bete beharraren inpotentzia eta inefikazitatea azalarazten dituelako.
Egia denborak argituko du. Ez da hain segur telebistetan aterako, kazetetako titularretan ere ez, baina jakinen dugu haurrak Darfurreko gerlatik heldu zirela, umezurtzak zirela eta beren tribuetako arduradunek eskatu zutela handik ateratzeko. Jakinen dugu ez zirela engainatuak izan, eta gobernu, hedabide eta Unicef gezurretan ari direla Zoeren Ontzikoak ekintzaile idealista burugabetzat aurkeztu dizkigutenean, organo trafikoa, adopzio-sarea eta haurren bahiketa salaketa egin zutenean gezurretan ari zirela orain dakigun bezala.
Baina garrantzitsuena ez da hori. Garrantzitsuena ez da puntu horiek argitzea. Garrantzitsuena egiazko gaiak eztabaidatzea da, eta horretarako egin nahi izan da ekintza hau:
Zergatik iraunarazten da horrelako gerla bat? Zein dira estatuen (gureak barne) interesak giza sufrimendua luzatzeko?
Europako estatuen eginkizuna ez ote da zailtasunak dituzten herrialdeetan behingoz kolonialismoari bukaera ematea eta erlazio eraginkor eta berdintasunezkoak eraikitzea?
Nola jokatu behar dute GKEk arriskutan diren biztanleak artatzeko, batzuen edo besteen interesen arabera aritu gabe?
Egun nazioarteko legalitatearen izenean bost minuturo haur bat hiltzen dela jakinik, zein dira esku hartzeko irizpideak, zein ekintzaren zilegitasunarenak?
Guk osoki babesten eta sostengatzen ditugu Zoeren Ontziko kideak. Osoki sostengatzen dugu, uneko legalitatearen mugan, arriskuak hartuz, egin nahi izan den salbamendu operazio militantea.
Bat egiten dugu lan filosofia aske horrekin, munduko injustizia borrokatzeko legami izan nahi duen ekintza molde ausart horrekin. Harro gaude proiektu honetan kide izan garelako.
Preso direnen askatasuna eskatzen dugu. Eta anartean: haur horiekin zer gertatuko da? Eta gerlarekin? Bost minuturo hiltzen den haur bakoitzarekin? Eta armen salmentarekin? Eta GKE handien inefikazitatearekin?