GARA > Idatzia > Kultura

Kloratitak «inoiz baino gehiago... komunismoa» izenburupean lan berria aurkeztuko du Durangon

Euskal Herrian 120 kontzertu baino gehiago eskaini ostean kaleratuko du hirugarren lana Kloratitak, Durangoko azokan. Venezuelako Sontizon musika taldearekin egindako elkarlana Bilbon ezagutarazi du.

p056_f01_096x080.jpg

GARA | BILBO

Musika «eraldaketarako bitarteko moduan» ulertu eta erabili izan du Kloratitak hasieratik, eta laster plazaratuko duen lan berriak ere bide horri eusten dio. Are gehiago, eraldaketa prozesuan beste herriekiko elkartasuna «funtsezkoa» dela iritzita, proiektu honetan bat egiten duten ideia nagusiak ere oso argi bereizten dituzte taldekideek.

Prentsaurrekoan aritu ziren atzo Bilbon, eta beren esanetan, diskoaren mami nagusia hauxe da: «Hamaika herri borroka ezberdinekin, baina azken finean borroka bakarra dena; kapitalismo patriarkala suntsituz, beste mundu bidezkoago bat eraikitzea». Mezu hori praktikan betetzeko, oraingoan «Euskal Herrian eta Venezuelan abian dauden prozesu iraultzailean» oinarritu dira. Eta, «sozialismoaren apologia» egiteko nahia ere agertu dute musikariek.

Hori hala, Kloratitaren hirugarren lanaren diseinu eta eduki oro «Venezuelan martxan dagoen prozesua babesteko» dela argitu zuten atzo. Taldearen CDaren 34 pistetan, abestietan tartekatuak, Venezuelari buruzko tarte eta albisteak sartu dituzte. Era berean, «inoiz baino gehiago... komunismoa» CDarekin batera, Sontizon musika talde venezuelarraren CDa kaleratzea ere erabaki dute. «CD gehienak Euskal Herrian banatuko diren arren, Venezuelan ere banatuko da. Horrela, CDaren helburua Euskal Herrian Venezuelako prozesua eta Venezuelan Euskal Herrikoa ezagutzera ematea da», diote.

2000. urteko abuztuan sortu zen Sontizon, eta bere musika Afrokaribetar soinu anitzez osatua dago, beti ere taldekide bakoitzaren gozagarriez osatuta: salsa, bolero, jazz, hip-hop... Venezuelatarren eta Kloratitaren elkarlanak erakar ditzakeen etekinak «Boltxe» aldizkariari ematea adostu dute.

Autogestioaren alde

Kloratitak lau urte bete ditu; taldeko lau Zorrotza auzokoak dira (Alberto eta Iraitz abeslariak, Gaizka baxua eta Saul bateria) eta bosgarrena Leioakoa da (Ekaitz, gitarra). Punk eta rockaren nahasketa dute gogoko.

Oraingo honetan ere autogestioaren aldeko apustua egin dute bizkaitarrek, eta musika librearen alde egiten segituko dute: «Hasieratik, MusikHerria herri diskoetxearen sortze prozesuan parte hartu genuen eta diskoetxe honekin aterako dugu lana».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo