GARA > Idatzia > Kultura

Giza-abereaz dihardu Zapiainek «Txillardegi eta ziminoa»n

Animaliek eta batez ere ziminoek Txillardegi ren literaturgintzan duten rola aztertu du Markos Zapiainek eta, bere-berea duen estilo berezia lagun, saiakera bat plazaratu du Susaren eskutik. Atzo aurkeztu zuen Donostian, Txillardegi bera aurrean zuela.

p057_f02_148x092.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Txillardegi eta ziminoa» saiakera bat da, baina Markos Zapiainen ibilbidea pixka bat ezagutzen duenak berehala igarriko duenez, ez da inolaz ere saiakera akademizista, literarioa baizik. Gai ezohikoa, ex zentrikoa hartu -animaliek eta batez ere ziminoek Txillardegiren liburuetan jokatzen duten rola- eta horren inguruan gogoeta egin du.

Orain dela 50 urte justu argitaratu zuen Txillardegik bere lehen ipuina, «Orangutanen ugartea», eta hor azaldu zen lehen aldiz ondoren bere lanetan behin baino gehiagotan azaldu den kezka bat: gizakia zein puntutaraino bereizten den ziminoarengandik eta, oro har, gainerako animaliengandik. Kezka horren ondorioz-edo, bere liburuetan sufritzen ari diren animaliekiko erruki nabarmena erakutsi du beti donostiarrak.

Zapiainek esan zuenez, Platon edo Aristotelesekin hasi, eta orain arteko filosofo gehienen eginkizuna gizakia animaliengandik zerk bereizten duen nabarmentzea izan da. Bereizketa «fanatikoa» izan da. «Bereizketa hori dudan jartzea pekatua izan da eta egun ere bada, zenbait lekutan, behintzat, eta gutxi izan dira kontra egitera ausartu diren pentsalariak, Michel de Montaigne kasu». Pentsalari horien oinordekoa da Txillardegi, Zapiainen iritziz. «Interesanteena da, donostiarrak orain dela 50 urte gai honen inguruan zituen hainbat intuizio berresten ari direla azkenaldion genetistak eta etologoak. Izan ere, ez gara hain desberdinak; are gehiago, liburua idazten ari nintzela, gero eta ziminoago sentitu naiz», aitortu zuen Zapiainek.

Txillardegik: «Harrokeria»

Txillardegik berak, atzo liburua hartu berri eta irakurri gabe zuela-eta, ez zuen ia hitz egin, baina egin zuen apurra animaliekiko bereizketa zorrotza salatzeko egin zuen: «Bereizketa hori harrokeria baino ez da. Orangutana da gugandik hurbilen dagoen ziminoa, eta Sumatra eta Borneoko oihanetan mila lagun baino ez omen dira geratzen. Gero eta eremu gehiago kentzen dizkiete eta desagertzera daramatzate. Hori astakeria da, eta, gainera, geure burua hobeto ezagutzeko aukera bat betiko galtzeko zorian gaude».

Hitz hauen haritik zera esan zuen Zapianek: «Ematen du sistema filosofikoetan animaliek betetzen duten lekua, funtsean, gaur egungo nazio-estatu boteretsuetan herri txikiek betetzen duten berbera dela. Txillardegik herri txikiek bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen du eta, logika berean, animaliek ere ez dutela, esaterako, torturarik jasan behar aldarrikatzen du».

Gorka Arrese Susako argitaratzailearen iritziz, «Txillardegi eta ziminoa»liburuak idazle donostiarraren literaturari buruz gehixeago jakiteko aukera eta, batez ere, literatura horretan azaltzen diren hainbat gairi buruzko gogoeta egiteko aukera ematen du. «Eta, Zapiainen estilo bereziari esker, oso modu atseginean, gainera».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo