GARA > Idatzia > Kultura

Performance-a: garaiez eta arte motez harago, espresio salatzailea eta probokatzailea

Baionako Topaketa Berezien jaialdiaren karietara, Maena Py Tourseko unibertsitateko irakasleak, performance espresioaren historia jorratu du. Arte mota eta garaien gainetik, orainaren parean erreakzio eta probokazio espresio baten ezaugarriak ezagutzeko aukera.

p055_f01.jpg

Artistak, bide propioa jorratzeko espresio formarik askeena performancea dela entzun ohi da usu. Baionako Topaketa Berezien jaialdia, esparru orotako artisten performance eta topaketetan oinarritzen da: «gure jaialdiaren ardatza performancea da. Baina, gogoeta eginez gero, ba ote dakigu argi eta garbi zer ote den performancea?», Kristian Fredric, Baionako Topaketen antolatzaile, eta «Les lézards qui Bougent» antzerki toparen zuzendariak, gisa horretan plazaratu zuen arazoa jaialdiaren aurkezpen ekitaldian. Galdera honi arrapostua emateko, Maena Py Tourseko unibertsitateko irakasleari, performancearen historiari buruzko hitzaldia prestatzeko galdegin zion.

Erran eta egin. Atzo eta egun, Maena Pyk Angeuko Baroja zalditegietan haren hitzaldia aurkeztu du (gaur, 15;30ean, sartzea dohainik): «nire asmoa aurkezpen honetan, hari bati tiratzea izan da. Historia hau, ibilbide kronologiko bat da. Horretaz gain, performanceen mugimendua ilustratzen duten adibideak aukeratu ditut».

Ibilbide kronologiko hori, XX. mende hasieran abiatu du Maena Pyk: «70eko hamarkadan performancea anitz ezagutarazi bazen ere, sustraiak sakonagoak ditu». Horrela, I. Mundu Gerraren biharamunetako eztanda kulturalaren garaian, hainbat arte mugimendu berritzaileren espresio bidea izan da performancea: «Lehen ekintza dadaistak, performanceak ziren. Bestelako mugimenduetan ere, hala nola surrealismoan, korronte horien espresio mota sortzailea izan zen». Hasierako Dadaren Voltaire kabareteko emanaldi ausartetatik, 60ko hamarkadako AEBetako mugimendura, hainbat arte ikuspegi, hausnarketa, eta ekintza kulturalen oinarria izan da performancea: «historian, artea egiteko, pentsatzeko, aurkezteko pentsamolde guztietara moldatzen jakin duen espresio mota da performancea. Oso aldakorra da, malgua. Garai guztietara, arte esparru guztietara egokitzen jakin duena», jarraitu du Maena Pyk.

Horrela, antzerki eta dantzatik hasi, eta tindura, edo gaur egungo musika elektronikora, bideo eta zinegintzara... oso gutxi dira performanceak ukitu gabe utzitako eremu kulturalak. Aro eta esparru bakoitzak, hala ere, bere berezitasunak izan ditu, Pyk azaldu digunaren arabera: «II. Mundu Gerraren ondotik, mugimenduari, artistaren ekintzari, obrari baino gehiago, garrantzia emateko bidea izan da». Esaterako, Frantziako Klein-en emazte gorputzarekin egindako margoen joera, edo AEBetako action painting mugimendua aipa ditzakegu. «80ko hamarkadan, Laurie Hendersonen eskutik, performancea ezagun egin zen. Gozamenera, gizarte zabalera hedatu zen. Teknologia berriak erabili zituen, argia eta soinuak kasu. Gaur egun, berriz, bideo eta zinemagintzan bereziki osasuntsu dago performancea. Baita musika elektronikoen eta DJen mugimenduan» erantsi du Py irakasle gazteak.

Aldakorra izanik, badira garai eta arte mota guztietan performancea bereizi izan duten bi ezaugarri nagusi: «garai bakoitzeko orainaren, errealitatearen aitzinean erreakzionatzeko gaitasuna performanceen ezaugarri garrantzitsua da. Beste ezaugarria, lanek duten probokazio kutsua da». Performancea espresio mota probokatzaile eta militantea da, beraz. Dadaistek salatu zuten espresionismo abstraktutik abiatu, II. Mundu Gerraz geroko gizarte deshumanizatura, edo 60ko hamarkadaz geroko kontsumo gizartera, eta gaur egungo gizarte mundializatura, performancea eredu nagusia ezbaian jartzeko tresna gisa erabili izan dute artistek.

Hausnarketa bultzatzeko tonuari dagokionez, lanen probokazioa ere performanceen ezaugarri komuna da. Dadaren garaiko probokazio ezagunak,60ko hamarkadan emakume gorputzaren inguruan ziren tabuak, odola erabiltzea... Irudiak, mezuak, argazkiak... guztiak era probokatzailean pentsatuak eta prestatuak dira performanceetan. Helburua, ikuslearen barnean eragin, eta pentsarazteko modu eragingarria bilatzea da: «molde batez, espresio mota hau gazteen ezaugarriekin ederki betetzen da. Performancea gaztea da» bukatu du Pyk. Gaztea, eta etorkizun oparoa izanen duen espresioa, dudarik gabe.

Eneritz ZABALETA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo