GARA > Idatzia > Atletismoa

Donostiako XXX. Maratoia

Abdeladhi el Mouaziz errekor berria ezartzen saiatuko da

New Yorken garaile izandako Abdelkader anaia izango da luxuzko «erbia»

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Donostiako XXX. Maratoiak helburu nagusi bat jarri dio bere buruari aurtengo ekitaldian: probako errekorra hobetzea. Horretarako, antolakuntzak Abdelkader eta Abdeladhi el Mouaziz anaia marokoarrak ekarri ditu. Haiekin batera, maratoi erdian marka bikainak dituzten beste hiruzpalau korrikalari izango dira irteeran erritmoa hasieratik ezartzeko. Hala ere, ez da erraza izango Timothy Cherigat keniarrak 2002an egindako 2.09.34ko marka hobetzea.

Errekor berria ezartzen saiatuko dena, zehazki, Abdeladhi el Mouaziz izango da. Bi anaietan gazteenak 30 urte ditu eta, orain artean, maratoi erdian lortu ditu bere emaitzarik aipagarrienak. 2004an Alacanten lortutako 1.02.30ekoa du markarik onena eta Donostiako lasterketa prestatze aldera 1.600 metroko garaieran entrenamenduak egiten ibili omen da Ifrane herrian, Marokon bertan.

Erritmoa behar bezala ezartzeko luxuzko «erbia» izango du: Abdelkader, bere anaia. 38 urteko atleta beteranoa bi aldiz izan da garaile Londonen, beste behin New Yorken eta baita Chicagon ere. Azken hiri horretan ezarri zuen 2002an bere markarik onena (2.06.46). Bera da, Baldini italiarrarekin batera, bi ordu eta hamar minututik behera 13 marka akreditatuak dituen maratoilari bakarra. Igande honetan egin beharko duen lanari dagokionez, berriz, bitxia da maratoi erdian bere denborarik onena (1.01.06) 2004ko Azkoitia-Azpeitian lortu izana.

El Mouaziz anaiekin batera, beste bi marokoar izango dira faborito nagusiak: Abdelkebir Lamachi eta Al Mustafa Riyad. Lamachik 27 urte ditu eta iaz lortu zuen bere markarik onena 42 kilometroetan: 2.11.08, Trevisoko maratoian. Maratoi-erdian, berriz, ordu bete eta bi minututik behera ibili izan da. Riyadek, bestetik, 32 urte ditu eta marka hobeak ditu maratoi-erdian (1.02.10) lasterketa luzean baino (2.15.13), beste munduko ezer ez.

Emakumeetan faborito argirik aipatzen ez ziren ausartu antolatzaileak, eta euskaldunei dagokienez Amaia Arana eta Asier Cuevas dira izen nagusiak, nahiz eta azken hori zalantza den.

2.700 korrikalari

Ibilbidea azken urteetako berbera izango da aurten ere eta irteera Madrid Etorbidean emango zaio lasterketari goizeko bederatzietan. Helmuga, berriz, Anoetako estadioan egongo da. Oraingoz 2.650 bat korrikalarik eman dute izena, baina izen-emate epea oraindik irekita dago azken orduko despistatuentzat. 50 euro balio du eta www.maratondonostia.com webgunean egin daiteke.

Antolatzaileek azaldu zutenez, 16 herrialde ezberdinetako korrikalariak izango dira aurten Donostian eta lasterketaren inguruan hainbat berrikuntza prestatu dituzte. Korrikalarien Azoka Anoetako estadioan egingo dute -ostiraleko 17.00etatik larunbateko 20.00etara- eta sarrera dohainik izango da. Parte hartzaileek bertan jasoko dituzte dortsala eta ohiko opariak. Gainera, Juan Mari Lopez Uranga ergometroan marka berria ezartzen saiatuko da. Amaitzeko, www.marathon-photos.com webgunean korrikalari bakoitzak bere argazkiak ikusteko aukera izango du.

Chillida, Pagaldai eta omenezko 30. dortsala

Donostiako Maratoiak 30 urte beteko ditu aurten, eta hori ospatzeko antolakuntza ekintza berezi batzuk ari da aurrera eramaten. Batetik, eta Haizearen Orrazia amaitu zenetik ere hain justu 30 urte pasa direla aprobetxatuz, aurkezpen ekitaldia Chillida Leku Museoan egin zen atzo. Horrez gain, dominak Eduardo zenaren bilobak, Luisak, diseinatu ditu eta maratoiko lehen gipuzkoarrek, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, eskultoreak 1976an egindako lan baten erreplika jasoko dute.

Bestetik, ekitaldi guztietan parte hartu duen Bixente Pagaldai gipuzkoarrari omenaldi bat ere egingo zaio: berak eramango du omenezko 30. dortsala.

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo