OSASUNA
«Autokritika eta erregulartasuna» eskatu dizkio Miguel Flañok taldeari
GARA | IRUÑEA
Osasunaren egoera eta hura eragin duten arrazoiak aztertzeko aprobetxatu dute gorritxoek Liga etenaldia; baita taldeak aurrera egiteko behar dituen konponbideak bilatzeko ere.
Miguel Flañok argi utzi zuen atzo zeintzuk diren bere ondorioak. «Hasteko, denok autokritika egin behar dugula uste dut -esan zuen-, bakoitzak gehiago eman baitezake. Hortik aurrera, dena ibiliko da hobeto». Bigarren urratsa, nafarraren ustean, «erregulartasun handiagoa lortzea izango litzateke, futbolean xehetasun txikiek desberdintasunak ezar ditzaketela kontuan hartuta».
Horiekin batera, bertuteak ere egon badaude. Eta gorritxoek hauei eusten eta indartzen saiatu behar dute. «Gaitasuna daukagu eta nortasuna behintzat ez zaigu falta. Taldearekin konpromisoa daukagu eta nortasuna duen jendea daukagu -nabarmendu zuen-. Baina konturatu behar dugu ezin ditugula jardunaldiak pasatzen utzi, partida bakoitza finala balitz bezala jokatu behar dugula».
Igandean horrela gertatuko delako ustea du, «motibazioa soberan baitaukagu. Getaferen aurka gertatutakoa istripua izan zela erakusteko irrikan gaude».
Bestetik, Natxo Monrealek ezin izan zuen atzoko saioa amaitu, gainkarga baten ondorioz. Ludo Delportek ere, ariketa batzuk baino ezin izan zituen egin.
Minduta dagoen beste jokalari bat, Javad Nekounam, Iruñera etorriko da larunbatean, operatu zutenetik lehenengo aldiz. Taldekideak bisitatu eta igandean, partida ikusiko du.