26 urte bete dituenean bere egoitza izatea lortu du Xorroxin Irratiak
Baztan-Bidasoa eskualdeko Xorroxin Irratiak egoitza berria estreinatu zuen joan den urrian. Aurten 26 urte egin dituen herri-irrati honek zazpi aldiz mugitu behar izan du lekuz, baina oraingoan bere eraikinean jarri da azkenean.
Jasone MITXELTORENA
Xorroxin Erratzun dagoen eta Bidasoa ibaiaren sorlekutzat jotzen den urjauzi baten izena da. «Urjauziak botatzen dituen zipriztinek bezala, duela 26 urte erratzuko gazte batzuek ere irratiaren uhinek jendea eta ingurunea zipriztintzea zuten helburu». Gisa honetan azaltzen dute egitasmoa Xorroxinetik. Elizondoko Aita Donostia karrikan ireki berri duten egoitza lehen aldiz berena da; bitartean, harat-honat ibili behar izan dute, bertzelako arazoak ere tartean izan direlarik. 1981eko martxoan gazte batzuk Erratzuko eskolara leihotik sartu eta Iruñetik ekarritako irrati-emisora bat martxan jarrita, musika nahiz solasaldiak emititzen hasi ziren. Hasiera batean harrera ezbedinak izan bazituen ere, tartean Goardia Zibilaren bisita, pixkanaka bailarako jendea konturatzen hasi zen gazte eroak iduri zuten koadrila hura bailarari zerbitzu bat ematen ari zela. «Herritik herriarentzat» egiten ari ziren lana indartzen hasi zen; 1985ean Erratzutik Elizondora aldatu ziren eta Zigako Zigaurre auzoan, baserri batean, jarri zen errepikagailua. Beranduago bailara osora eta Malerreka eta Bortziriak eskualdeetara ere zabaldu ziren Xorroxinen uhinak. Aipatutakoez gainera, Zugarramurdi, Urdazubi, Bertizarana, Irun, Hondarribia, Ipar Euskal Herriko hainbat txokotan eta Landetan ere aditzen da gaur egun.
Kontzertu historikoak
1985eko ekainean, ixteko agindua eman zela eta Xorroxin irratia itxi egin zen. Hala ere, denboraldi baten ondotik berriz abiatu zen. Elizondon bi egoitzetan egon zen irratia, eta han hasi zen profesionalizatzen. Eguerdiko saioa bideratzeko langile bat ordaintzen zen. Aldi berean, irrati lizentzia eskuratzeko ahaleginetan ibili zen Xorroxin, baina Nafarroako Gobernuak ez zion eman baimenik. 1990eko abenduan, ordurarte Elizondon izandako manifestaldi jendetsuenak Xorroxinendako lizentzia eskatu zuen eta azkenean 1998an eman zitzaion. Une hartan zortzi urte zeramatzan irratiak Iruritatik emititzen. Baimenarekin batean, Baztango Udalak egoitza bat utzi zion Elizondon.
Dirua lortzea ere beharrezkoa zen, eta horretarako herriko bestetan txosnak jartzen hasi ziren. Bertze hainbat ekitaldiren artean, Erratzuko frontoian Euskal Herriko talde onenetarikoen kontzertuak eskaini ziren; Barricada, Kortatu, Hertzainak, Delirium Tremens, Itoitz, Zarama eta bertze hainbat talde izan ziren, eskualdeko bertze hainbertze musikarirekin batean. La Polla taldea ere aunitz aldiz izan zen Erratzun irratiaren alde Xorroxinek antolatutako kontzertuetan. Iaz 25 urteurrena ospatzen zela eta «Xorroxin irratia: 25 urte Orroka» diskoan bildu zituzten talde horietako aunitz.
Ur jauzitik ongi errotutako ibaira
Elizondoko San Frantzisko Xabierkoa eskolatik mugitu behar izan dutenean erabaki dute beren egoitza izatea. Urriaren 15ean lehen aldiz emititu zuten Aita Donostia karrikatik, eta aste bat beranduago, Elizondoko feriak zirela eta jende aunitz hurbilduko zelakoan, herritarrentzat «ateak ireki zituzten». Hamaiketako bat eskaini zen, eta hainbat musikari euren borondatez hurbildu ziren: Pottoka, Ufestuek-eko kideak eta Maider Ansa abeslaria zuzenean aditu ziren irratian.
Gaur egun «Xorroxin irratia eskualdean ongi errotutako ibaia dela» jakinarazten digute, «1981ean urjauziko bazterrak zipriztintzetik 30.000 arrain busti eta goxatzeko» gai dela. Sei-zazpi langileko taldea aritzen da Xorroxinen, baina dohainik aritzen diren laguntzaile sare zabala du eskualde osoan. Lesakan ere egoitza bat dute. Euskal Herriko Irratien «Arrosa» sarean eta Nafarroako Irrati Euskaldunen sarean ere parte-hartzen du.
Astelehenetik ostiralera, egunero hamar orduz zuzenean emititzen dute, 7.30etatik 14.00etara eta 20.00etatik 22.00etara. Larunbat goizetan lau orduz aritzen ari dira, 10.00etatik 14.00etara. Igandetan eta gainerako orduetan musika izaten da entzungai. Goizetan hiru albistegi izaten dira, herrietako berriak, nahiz nazio eta nazioartekoak ere ematen direlarik. Horiekin batean, Bidekari, Ur eta lur, Balekabale eta Xorrotx eta fin saioak ematen dira. Ilunabarretan berriz, urtarrilean 15 urte beteko dituen «Karakola segi hola» musika saioa emititzen da. Larunbatetan, albistegiez gainera, Bideeginez saioa izaten da, gehienetan astean barrena egindako elkarrizketen eta emanaldi esanguratsuenen laburpena izaten delarik. Saioez gain, Merkatu Ttikia izeneko zerbitzua eskaintzen da: Lana bilatzeko, etxea erosteko, galdu-aurkituen berri emateko, erosketak egiteko eta oharrak zabaltzeko.
Orain dela urte bat web orria martxan jarri zuten eta hemendik guttira internet-en emititzea espero du Xorroxin irratiak.