Mikel Aranburu Zudairek zuzenduko du Euskararen Nafar Institutua
GARA |
Euskalerria irratiak atzo aurreratu zuen informazioaren arabera, Mikel Aranburu Zudaire iruñearra izango da Nafarroako hizkuntz politika gidatzeaz arduratuko den pertsona. Euskararen Nafar Institutuko zuzendaritza postuak bi hilabetetik gora zeramatzan hutsik eta, azkenean, badirudi Aranburu Zudairek hartuko duela kargua.
Carlos Perez Nievas CDN alderdiko kideak eta Nafarroako Hezkuntza kontseilariak Euskararen Nafar Institutuaren sorreraren berri eman zuen duela bi hilabete, baina ez zuen zuzendaririk aurkeztu.
Erakunde berria Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika garatzeko helburuz sortu zela, eta hura zuzentzeko euskal kulturaren munduko norbait izendatuko zutela jakinarazi zuen kontseilariak. Geroztik hainbat laguni eskaini izan diote kargua, baina horiek guztiek ezezko erantzuna eman izan dute Aranburu Zudairek onartu arte.
Hizkuntz politika
Aranburu Zudaire Iruñean jaioa da 1963an, eta irakaslea da lanbidez. Bigarren hezkuntzan aritu izan da klaseak ematen, Filosofia, hain zuzen ere. Azken lau urteak berriz, Iturrama Iruñeko Institutuan egin ditu, bertako ikasketa burua izan baita.
Irratian egindako adierazpenetan bere asmoa Nafarroako hizkuntz politika aldatzea dela agertu zuen Aranburu Zudairek, eta benetan euskararen aldekoak diren politikak abian jartzea, nahiz eta jakitun izan Sanzen Gobernuak ez duela Euskararen Legea aldatuko.
Zentzu horretan Euskalerria irratiak lizentziarekin duen arazoa konpontzeko borondatea agertu zuen. Horretarako, lizentzia lehiaketa berri bat egingo dutela esan zuen eta, haren bidez, euskaraz den irratiarentzako lizentzia egongo dela.
Izan ere, Aranburu Zudaire bera Euskalerria irratiko bazkide baita aspalditik, eta hedabidearen egoera hobetu egin behar dela izan da kargu berria onartzeko jarri duen baldintzetako bat.