Kontratuen berritzea
Ruizek eta Otxandorenak bost urtetarako sinatu dute
Asegarcek Agirre eta Peñagarikanoren kontratuak ere luzatu ditu: 2008 eta 2010era arte, hurrenez hurren
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Asegarcek bere esanetara dituen lau pilotariren kontratuak berritu dituela jakinarazi zuen atzo: Patxi Ruizen, Iñaki Otxandorenaren, Imanol Agirreren eta Kepa Peñagarikanoren kontratuak, hain zuzen ere.
Bilboko enpresaren eta pilotarien arteko akordioa joan den astean izandako negoziazioen ondorioz iritsi da. Patxi Ruizen eta Otxandorenaren kasuan, bi pilotariek 2012. urtera arte jarraituko dute Asegarcen. Lizarrako atzelariak, beraz, 32 urte izango ditu kontratu berria amaitzen zaionean; Mugairekoak, aldiz, 35 urte izango ditu.
Imanol Agirreri dagokionez, 2008. urteko abendura arte jarraituko du, gutxienez, Asegarcen. Arteako aurrelariak 33 urte bete zituen joan den hilean. Kepa Peñagarikanok 2010. urtera arte sinatu du. Azpeitiarra aurreko hiruren artetik gazteena da, 26 urte baititu.
Lizarrakoa, prest
Bestalde, joan den irailaren 4an bere ezkerreko eskuan ebaketa izan ondoren, Patxi Ruiz kantxetara itzuliko da datorren asteburuan. Asegarceko atzelaria bere herrian bertan berragertuko da: Lizarran, alegia. Igandean izango da hori, Oinatz Bengoetxea lagun izango duela. Biek Asier Olaizola eta Oier Zearraren kontra arituko dira Remontival pilotalekuan.
Oinatz Bengoetxeaz ari garela, nabarmentzekoa da Leitzakoa ere larunbatean berragertuko dela, merezitako oporrak hartu eta gero. Bere itzulera ez da samurra izango, larunbatean Iruñean eta igandean Lizarran jokatu beharko baitu.
Aspeko jokalariei dagokienez, Eibarko Astelena pilotalekuan joan den igandean jokatutako hirugarren eta azken norgehiagokan, Asier Berasaluzek min hartu zuen berriro. Arizmendi bikotekide zuela, Uriarte eta Apeztegiaren aurka 3-4 galtzen zihoan kantxa utzi zuenean. Ondorioz, partida bertan behera geratu zen.
Kontratu berria 2012. urtean amaitzen zaionean, Patxi Ruizek 32 urte izango ditu; Iñaki Otxandorenak, aldiz, 35 urte.
Imanol Agirreri 2008. urteko abendura arte luzatu diote kontratua. Arteako aurrelariak 33 urte bete zituen joan den urrian.