GARA > Idatzia > Kultura

Ruper Ordorikak bere bira akustikoaren azken kontzertuetako bat egingo du Donostian

p048_f03_097x092.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Ruper Ordorikak atzo aurkeztu zuen igandean, 20.30ean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo duen kontzertua. «Memoriaren mapan» diskoari dagokion biraren azkenetako bat izango da eta, oñatiarrak iragarri zuenez, «nolabaiteko ospakizuna» izango da. Izan ere, Ordorikak bira osoan laguntzaile izan duen Jon Piris (kontrabaxua) ez ezik, Gorka Benitez (saxoa) eta Juan de Diego (tronpeta) ere arituko dira. Bestalde, Joseba Sarrionandiak idatziriko kantek osatzen dute «Memoriaren mapan», eta horiek izango dira kontzertuaren ardatza, baina beste pieza batzuk ere joko dituzte Ruper Ordorikak eta bere lagunek.

Diskoa orain dela urtebete plazaratu zuen, eta ia plazaratu bezain laster, Donostian aurkeztu zuen, Egia Kultur Etxean. Alabaina, Victoria Eugeniako kontzertua «desberdina» izango da, alde batetik, zuzeneneko kontzertuak ez direlako inoiz berdinak izaten, jakina, eta, bestetik, urtebeteko bira egin ondoren «Memoriaren mapan» «biribildu» egin baita. «Disko bat ateratzen duzunean, `zelakoa da?', galdetu ohi dizute, eta zuk, broman-edo, `karratua', erantzuten duzu. Broma da, eta ez nuke nik `Memoriaren mapan' hau karratu jaio zenik esango, baina bai zinez biribilduta geratu dela kontzertuz kontzertu ibili ondoren. Nire ustez, jendaurrean egiten dira diskoak biribil, eta hau ez da salbuespena», adierazi zuen kantariak.

Donostian igandean jo ondoren, beste bi kontzertu egingo ditu abenduan, Donoztirin eta Iruñean. Gero, otsailean, iaz zuzenean grabatu zuen diskoa argitaratuko du. Ondoren, taldearekin hasiko da berriro. Izan ere, bakarka, edo ia bakarka, oso gustura ibili den arren, taldean aritzea ere maite du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo