Liga Federala
Nafarroak azkeneko postua utzi ahal izan du
Nafarroa Behereko taldea izan da asteburuan irabazi duen euskal talde bakarra, Maulek eta Donibane Lohizunek, galdu egin baitituzte beren norgehiagokak.
Jon LEUNDA | BAIONA
Liga Federaleko Lehen Mailan dabiltzan hiru euskal taldeen artean, Nafarroak bakarrik lortu du garaipena. Maulek eta Donibane Lohizunek, aldiz, galdu egin dituzte beren norgehiagokak.
Denek nahi zuten garaipena, baina hiruretako baten batek irabazteko premiarik baldin bazuen, hori Nafarroa zen. Bere multzoko azkeneko lekuan zegoen, eta egoerak okerrera egitea nahi ez baldin bazuen, irabazi beharra zeukan, nahiz eta aurrean Lurda izan. Azkenean, hori-gorriek, 32 eta 26 irabazi zuten. Nafarroa Behereko taldeak bi entsegu egin zituen. Bat talde osoak lortu zuen, eta bestea, berriz, Garaik. Iturririak, bi transformazio, bost zigor-kolpe eta drop bat gauzatu zituen.
Maule zen etxean aritu zen beste taldea, baina zuberotarrena oso norgehiagoka zaila zen, aurrez aurre Colomiers talde handia baitzuten. Zuri-gorriek ez zuten partida txarra egin, baina kanpotarrek beren eskarmentua agerian jarri zuten eta, azkenean, 12-23 galdu zuten zuri-gorriek. Maulek lortutako puntu guztiak ostikoen bidez izan ziren, hiru zigor-kolpe eta drop bat lortu baitzituzten. Euskaldunek ez zuten entsegurik lortu, baina kanpotarrek bi egin zituzten.
Donibane Lohizunek ere irteera zaila zuen Perigueux taldearen zelaira, eta lapurtarrek burua makurtu behar izan zuten, amaieran 34-12 galdu baitzuten. Elizondok egin zituen euskaldunen puntu guztiak, lau zigor-kolpe gauzatu baitzituen. Gorri-berdeek hiru entsegu jaso zituzten.
Sailkapenari begira, bosgarren multzoan, Maulek laugarren postuan eusten du 12 punturekin. Seigarren multzoan, berriz, Donibane Lohizune laugarren dago, 18 punturekin, eta Nafarroa, azken aurreko, zortzirekin.
Ohorezko B Maila
Ohorezko B Mailan, Gernikak eta Hernanik garaipen bikainak eskuratu dituzte. Durangok, aldiz, astindu handi samarra hartu behar izan du.
Hiru euskal talde horietarik, Gernika dago hoberen sailkatuta, eta bizkaitarrek sekulako garaipena erdietsi zuten Liceo Francesen aurka, mailako lehen sailkatuaren aurka, 33-26. Madrildarrek orain arteko partida guztiak irabazita zeuden, baina Gernikan ezin izan zuten bide horretatik jarraitu. Berde-beltzek oso partida ona egin zuten, bai aurrean, baita atzean ere; amaieran, garrantzia handiko garaipena erdietsi zuten.
Hernanik, berriz, ez zuen izan inolako arazorik Cornella mendean hartzeko. Gipuzkoarrek aurrez aurre, mailako azkeneko sailkatua zuten, orain arteko partida guztiak galdu zituen taldea, eta ez zuten barkatu 72-10 irabazi baitzuten. Emaitzak dena argi eta garbi uzten du. Garaipenaz gain, erasoko puntu gehigarria ere lortu zuten.
Durango izan da asteburu honetan emaitzik kaskarrena batu duen taldea. Bizkaitarrak Complutenseren zelaira joan ziren, eta Madrilen gauzak erabat okertu zitzaizkien, 68 eta 22 galdu baitzuten. Hemen ere emaitzak dena erakusten du.
Sailkapenean, Gernika bigarren dago, Hernani laugarren, eta Durango, bosgarren.
Biarritzen gauzak oso oker dabiltza denboraldi hasiera honetan. Emaitzak ez dira oso onak, eta denboraldi hasiera honetan zuen jokalaririk onenak, Dimitri Yachvilik, min hartu zuen pasa den larunbateko partidan eta bi hilabetez geldirik egon beharko du. Belauneko lotailua apurtu du, eta ebakuntza egin beharko diote. Gutxienez, hurrengo bi hilabeteetan jokatu gabe egon beharko du.
Bestetik, Aviron Baionakoak jokalari berri bat fitxatu du. Nicolas Lafitte da bera, eta iaz Agenen aritu ostean, aurten talderik gabe zegoen, eta elastiko zuri-urdina janzteko moduan da.