Aldaketa politikoak, ez politikari aldaketak
Euskararen Nafar Institutuak zuzendaria du atzoz geroztik. Mikel Aranburu Zudaire izango da Nafarroako hizkuntz politikaren arduradun berria. Arrazoi politikoengatik hutsik zegoen postu instituzional hori betetzea positiboa da, jakina. Baina, aldi berean, esperientziak eszeptizismoa justifikatu egiten du. Fernando Pérez de Viñaspreren dimisioa gogoan eduki bestela -aurreko Hizkuntz Politikarako arduraduna-. Sanzen Gobernuak ez zion lan egiten utzi eta, hori, bere jardunaren mugak aurreneko unetik argi zeudela. Espero dezagun orain hala ez gertatzea.
Atzoko erreakzioen artean Nafarroa Bai koalizioarena azpimarra daiteke. Udan, PSNrekin nafar Gobernua osatzeko negoziazioetan, euskararen legea ez zela akordiorako oztopo izango iradoki zuen. Atzo, ordea, lege horrek ezartzen duen zonifikazioa dela medio, Nafarroan euskarari dagokiolarik hartutako neurriek sinesgarritasunik ez dutela esan zuen. Zentzu honetan, izendapenak eragin du lehendabiziko efektu positiboa: Nafarroan euskarak duen egoeraren arrazoiak politikoak direla azalarazi du, baita diskurtso hori baztertua zutenen artean ere. Ondorioz, euskarak aldaketa politikoa behar du Nafarroan, eta ez soilik politikari jakin batzuen aldaketak. Gizartean badago aldaketa horretarako oinarri sendoa. Horretan ere, euskararekin bezala, arazoa politikoa da.