Euskal kurrikulumaren dekretuaren aurka helegitea jarri du Sanzen Gobernuak
Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen atzo helegitea aurkeztuko duela Lakuako Gobernuak euskal kurrikulumaren harira ezarritako dekretuaren aurka, haren edukia «Konstituzioaren aurkakoa» dela argudiatuz.
GARA |
Alberto Catalanek jakinarazi zuen atzo bere Gobernuak he- legitea aurkeztuko duela Lakuakoaren dekretu baten aurka. Miguel Sanz buru duen Gobernuko eledunak argudiatu zuen Gasteizeko hirukoak euskal kurrikulumaren harira ezarritako dekretuaren edukia «legearen eta Konstituzioaren aurkakoa» dela, bertan, «Nafarroako errealitate instituzionalean eta foru erregimenean eskua sartu» egiten duelako.
Horren ildotik, Catalanek jakinarazi zuen iragan azaroaren 19an Nafarroako Gobernuak Lakuako lehendakariorde Idoia Zenarritzabeitiari gutuna bidali ziola, dekretu horretan «Nafarroari buruzko aipamena» aldatzeko edo ezabatzeko eskatuz, baina ez dutela erantzunik jaso. Dena den, Sanzen Gobernuko eledunak ziurtatu zuen auzia epaileen esku hartzerik gabe konpontzea nahiago lukeela, baina hori gertatzeko Lakuak dekretua «kendu, edo dauzkan eskumenetara birmoldatu» egin beharko lukeela berretsi zuen.
Catalanen hitzetan, dekretuaren sarreran Foru Hobekuntzak eta Konstituzioak ezarritako «ordenamendu juridikoa urratu» egiten da, bertan, «Euskal Herria eratzeko nahia azaltzen delako, lurralde hori Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak, Lapurdik, Zuberoak, Nafarroak eta Nafarroa Behereak osatzen dutela». Era berean, berretsi du dekretuaren sarreran, artikuluetan eta eranskinetan «Euskal Herriaren inguruan» aipamen anitz egiten dela.
Sanzen Gobernuko eledunaren aburuz, horrek guztiak argi uzten du Gasteizeko Gobernuak, «eskumenik izan gabe, Nafarroa lurralde esparru horretan kokatzen duela, nafar Gobernuaren eta nafarren erabakiak kontuan hartu gabe».
Hala, Alberto Catalanek nabarmendu zuen dekretuak «Konstituzioarekiko zintzotasun printzioari muzin» egiten diola, eta gogorarazi zuen egoera horrek Nafarroako ezkutuaren inguruan izan zen auziarekin «antzekotasun» handia duela. Bi erakundeen arteko auzi hori 1985ean gertatu zen eta, azkenean, Auzitegi Konstituzional espainolak Nafarroako Gobernuari eman zion arrazoia, haren aburuz, Lakuak Nafarroako ezkutuaren «legez kanpoko erabilera» egin zuelako.
Era berean, nafar Gobernuko eledunak adierazi zuen, eskumenen inguruko auzia izaki, Exekutiboak Auzitegi Konstituzionalarengana ere jotzeko aukera zuela, baina bide administratibora jotzea «aproposagoa» iruditu zaiela.