EAEko lurralde antolamendu ereduak aldaketak izango dituela iragarri du Lakuak
GARA |
Egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen lurralde antolamendu ereduak aldaketak izango dituela iragarri zuen atzo Lakuako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburu Esther Larrañagak. Berdefinizio horren funtsa, gainera, klima aldaketaren erronkari erantzuna ematean oinarrituko dela nabarmendu zuen. Lurralde antolaketa klima aldaketaren aferari aurre egiteko «funtsezko tresna» baita, Lakuaren iritziko.
Iragarpen hori lurralde ereduari buruz gogoeta egitea xede duen «Euskal Hiria» kongresuaren hasiera-emate ekitaldian egin zuen Larrañagak, Donostiako Kursaal Jauregian. Bertan, lurralde estrategia berria Lurralde Antolaketako Arauetatik «haratago doala» defendatu eta mundu mailako errealitate berriei «erantzuna emateko premia» nabarmendu zuen sailburuak.
Estrategi berri baterantz
Bere iritziz, lurralde antolaketako arauek «paper esanguratsua» jokatu dute «EAEko aurrerapenean». Horren lekuko, hiru herrialdeetako lurralde artikulazioak iaz lortu zuen hiri eta eskualdeko planifikazioaren arloko sari europarra ekarri zuen gogora, baita epaimahaiak artikulazio eredu horren «integrazioa, koherentzia eta oreka» goraipatu izana ere.
Honakoa, ordea, «antolamendu arauak gainditu eta estrategia berrietarantz aurrera egiteko tenorea» dela deritzo sailburuak. Urrats horretan, garapen iraunkorra, klima aldaketa, mugikortasuna, irisgarritasuna, paisaia, sarea edota lurraldea- ren birziklapena bezalako kontzeptuak barneratzearen alde agertu zen.
Larrañagaren aburuz, «hiriak ezin du lurraldea bezalako baliabide mugatu baten inguruko gogoeta alboratzen jarraitu». Horrela, Ingurumen Eraginaren Ebaluazioak hiriko ikuspegi batetik lurralde ikuspegi batera igarotzeko «baliagarria» izan zela baieztatu ondoren, egungo egoerak «aldaketa klimatikoa erreparatzea» behartzen duela adierazi zuen. «Horixe da mundu mailako optika batetik behartzen gaituen paradigma», gaineratu zuen.
Halaber, bizimodua, ekoizpen sistemak eta kontsumoa egokitu aurretik, ingurumenarekiko begirunez jokatzen duten ohitura berrietara egokitutako hirigintza ereduak diseinatu behar direla adierazi zuen Larrañagak. «Ezinbesteko» deritzo aurkezten diren erronka berrietara egokitzea eta lan horrek herritar ororen konpromisoa galdegiten duela nabarmendu zuen.
Jardunaldien seigarren edizio honetan, gaur eguerdia bitartean hamaika eztabaida eta hitzaldi izanen dira. Estatu espainoleko eta frantseseko adituez gain, Alemania, Italia zein Estatu Batuetako espezialiestek parte hartuko dute biltzarrean, eta Antonio Ruiz de Elvira Europako Klimako Foroaren lehendakaria ere han egongo da.