GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Ampo Ordiziak jaitsierako postutik ihes egiteko aukera paregabea dauka

p048_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Ampo Ordiziak aukera paregabea izango du jaitsierako postuak uzteko, Bartzelona hartuko baitu bihar Trevijanon, 12.00etatik aurrera.

Ordiziarrak azken egunetan egindako fitxaketekin, taldea indartu egin dute, eta hemendik aurrera mailarik onena emateko itxaropen osoa dute. Bartzelona sailkapeneko azkeneko postuan dago, partida guztiak galduta. Hori gutxi balitz, jokatu ezin zuten jokalari batzuek jokatu egin zuten denboraldi hasieran, eta zigorra hartuta, puntuak kendu ere egin dizkiote. Donostian, esaterako, irabazi egin zuten, baina bulegoetan partida galdutzat eman zioten. Beraz, mailari eustea oso zaila izan ahal da berentzat, eta egoera horretaz baliatu behar du Ordiziak garaipena lortzeko.

Getxo Arteak ere etxean jokatuko du bere neurketa. Zaila izango da, sailkapeneko lehenengoaren aurka baita. El Salvador taldea izango da bisitari Faduran, 12.00etatik aurrera. Horiak saiatuko dira ezustea ematen, baina ez dute lan samurra izango, Valladolideko taldea oso indartsu baitago, eta beste guztien gainetik agertzen baita. Puntu bat eskuratzea ere ez litzateke txarra izango.

Spyro Bera Bera da kanpoan arituko den talde euskaldun bakarra. Santboianaren zelaian jokatuko du bihar 12.30etik aurrera. Gipuzkoarrak azkenaldian partida guztiak irabazten ari dira, eta bihar bide beretik jarraitzen baldin badute, lehen postuetara gerturatu egingo dira. Santboianak ere talde oso ona dauka, eta ez dute partida erraza izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo