Lourdes Oñederra eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain oso izendatu dituzte
GARA | LEKUA
Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain oso izendatu zituen atzo Euskaltzaindiak, Bilbon egin zen osoko bilkuran. Euskaltzaindiaren Arautegiak agintzen duen gehiengo osoa lortu ondoren izan ziren izendatuak.
Jakina denez, urriaren 26an, Euskaltzaindiak Donostian egin zuen osoko bilkuran, Joan Mari Torrealdai eta Lourdes Oñederra euskaltzain urgazleak proposatu zituzten, 29. eta 30. zenbaki-hutsarteak betetzeko. Horiek horrela, 29. zenbaki-hutsartea betetzeko, Joan Mari Torrealdai euskaltzain urgazlea proposatu zuten Jose Antonio Arana Martixa, Miren Azkarate eta Andres Urrutia euskaltzain osoek; 30. zenbaki-hutsartea betetzeko, berriz, Lourdes Oñederra euskaltzain urgazlea proposatu zuten Henrike Knorr, Xabier Kintana eta Pello Salaburu euskaltzain osoek.
Curriculum-ak
Joan Mari Torrealdai Foruan jaio zen 1942an. Besteak beste, Filosofia eta Teologia ikasketak bete zituen, Oliten (1960-1963) eta Arantzazun (1963-1967), hurrenez hurren. Toulouseko Institut Catholique izeneko ikastetxean atera zuen Teologia lizentziatura 1972an eta Parisen, berriz, Hizkuntza Frantseseko diplomatura (Alliance Française, 1972) eta Gizarte Zientzietako lizentziatura (Institut d'Etudes Sociales, 1975). Informazio Zientzietan graduko lizentziatua da ere (Euskal Herriko Unibertsitatea), baita Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea ere (Deustuko Unibertsitatea).
Bestalde, Lourdes Oñederra Donostian jaio zen 1958an. Filologia Hispanikoan lizentziaduna da (1980), baita Euskal Filologian doktorea (1987) ere. Tesia euskal hizkuntzaren palatizazioaz egin zuen, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzat zuela. EHUko katedraduna da, eta unibertsitate horretako Filologia eta Geografia eta Historia Fakultatean dihardu gaur egun, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean, hango Fonetika eta Fonologia ikasgaiko irakasle delarik.
Horretaz gain, Grazeko (Austria) Unibertsitateko irakasle gonbidatua izan da eta, besteren artean, Teaching Assistant bezala aritu izan da Iowako Unibertsitatean, fonetika eskola praktikoak ematen. Vienako eta Hawaiiko Unibertsitateetan ere izana da, fonologia ikerketak egiten. Hawaiiko kasuan, David Stampe doktorearekin lan egiteko aukera izan zuen.